Euskal Herriko gazte eta ikasle eragileek urtarrilaren 30eko Greba Orokorrera batzeko deia egin dute
Agerraldi bateratua egin dute gaur goizean Gasteizko Talka plazan Euskal Herriko gazte eta ikasle eragileek, Eskubide Sozialen Kartak deitu duen “lan, bizi eta pentsio duinen” aldeko Greba Orokorrera batu eta gazte aldarrikapenak Greba Orokorreko aldarrikapenekin batera zabaltzeko asmoarekin.
2019-ko abenduak 26
Euskal Herri osoko gazte eta ikasle eragileek bat egin dute gaur goizean Gasteizko Talka plazan egin duten agerraldian. Eskubide Sozialen Kartak datorren uratrrilaren 30erako deitu duen «lan, pentsio eta bizitza duinen» aldeko Greba Orokorrera batzeko deia luzatu dute.
Esparru desberdinetatik eragiten duten gazte eta ikasle eragileen ordezkaritza zabal bat elkartu dira Greba Orokorraren testuinguruan eta gazte aldarrikapenen taula bat osatu dute, ahots propioz, gazteen aldarrikapenak Greba Orokorreko aldarrikapenekin batera zabaltzeko.
Azken urteetan, «krisiaren aitzakiapean», aplikatu diren politika neoliberalek bereziki gazteak kolpatu dituztela azpimarratu dute. Langile belaunaldi berrien bizi baldintzak ezarri ditu oldarraldi neoliberalak «iraganean eskuratu ziren lorpenak ezabatuz». Langile eta herri sektoreek bizi duten prekarizazio prozesuaren baitan gazteena ez dela kasu isolatu bat azaldu dute, gutxieneko pentsioa bermatua ez duten nagusiek edota soldata arrakala eta zaintzan lanen aitortza eza pairatzen duten emakumeek* bizi duten prozesu berdinaren parte direla.
Hamaika dira gazteengan eragiten duen prekarizazio prozesu horren adibideak: LOMCE eta Heziberri hezkuntza erreformak, azpikontratazioa, ordaindu gabeko praktikaldiak, espekulazioaren eraginez ordainezinak diren etxebizitzen alokairuak edota langile auzoetan ugaritzen ari diren apustu etxeak.
Egorea horren aurrean, ordea, kaleak hartzeko gaitasuna erakutsi dutela azpimarratu dute gazteek, esaterako, ingurumenaren defentsan burututako mobilizazioetan; «Euskal Herrian, gazteok sistema kapitalista heteropatiriarkalak inposatu nahi duen eredu prekarioearen eta zapalkuntza ororen aurrean antolatzeko eta borrokatzeko grina eta borondatea erakutsi dugu».
Greba Orokorrera batu diren ehunka eragilerekin sinergian, «ofentsibara salto egiteko» baliatuko dute gazteek urtarrilaren 30eko deialdia, egun horretan ikastetxe eta lantokiak husteko apustutura batuz. Dei egin diote Euskal Herriko gazteriari, grebaren antoakuntzan ere parte aktibo izateko Greba Batzordeetan, gazte espazioetan eta lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamikaetan parte hartzen.