“Euskal Herrian euskaraz” dantza berria egin du Iruñea Taldeak, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzeko
Iruña Taldeak dantza berria sortu du, Oskorriren Euskal Herrian euskaraz abestiaren doinua oinarri hartuta, Euskararen nazioarteko egunean, abenduaren 3an eguerdiko 13:00etan Iruñeko Mercaderes plazan, nahi duen orok dantzatu dezan.
2021-ko abenduak 1
Abenduaren 3an Euskararen egunak eta Nafarroaren egunak bat egiten dute. Horregatik irudiak Xabierko gaztelu aurrean, Jatsu-Azpilkueta familiaren bizitokia izandakoan, jaso dira. Nafarra, euskalduna eta Nafarroako erreinuaren defendatzailea izan zen Jatsu-Azpilkueta familia, eta bideoarendako tokia hautatzean, omenaldia ere egin nahi izan diete.
Doinua Mintxo Garaikoetxeak, Iruña Taldeko txistulariak, moldatu du eta dantzaren urratsen segida, Baztango dantzen urratsetan oinarrituta, Mikel Ripodas taldeko dantzariaren esku gelditu dira.
Musikariak Mintxo Garaikoetxea eta Xabier Olazabal dira, eta dantzarien zerrenda hau da: Enrike Dominguez, Arantza Madoz, Anjel Txokarro, Saioa Remirez, Amaia Elkano, Ioar Cabodevilla, Nahia Cobo, Haizea Unanua, Loren Otermin, Uxue Setuain, Itsaso Erro, Oihane Larramendi, Iker Bakaikoa, Begoña Erroz, Luis Iabar, Ainara Jauregi, Ronces Zabalza, Marta Gonzalez, Ana Cuñado eta Mikel Ripodas. Grabaketa eta bideoaren edizioa Ander Lanas, Aitor Lanas eta Andoni Esparzaren eskuetan geratu da.
Abenduaren 3an, 13:00etan Iruñeko Mercaderes plazan, Euskal Herrian euskaraz dantza emanen dute, eta herritar guztiak parte hartzera dei egiten dute.