Euskal eskola publikoaren aldeko hitzorduak hurrengo asteburu honetan Altsasun eta Iruñean

Datorren igandean Sortzen jaia ospatuko da Iruñeko Vista Bella eta Basotxo guneetan, eta larunbatean Sakanako Herri Eskolek euren festa ospatuko dute Altsasun. Bi ekitaldietan D eredua eta euskal eskola publikoa defendatuko dira.

2019-ko maiatzak 14

Sortzen Jaia datorren maiatzaren 19an ospatuko da Takonerako lorategien inguruan. Bi gune hartuko ditu: Vista Bella eta Basotxo kalea. Festa giroan emango du eguna bertaratzen denak, jarduera eta plan desberdinak izango dituelarik aukeran. Aurtengo leloa Euskaratik guztion eskola sortzen da, eta, zentzu horretan, euskarak bustiko du jai eguna.

Egitarauari dagokionez, hasierako ekitaldia 10:45tan izango da Vista Bellan, eta, hortik aurrera, programazio zabala izango da, egun osoan zehar. Txikientzako Kiki Koko eta Moko pailazoen haur-ikusizuna izango da, eta Hodei magoak emozioa, barrea, sorpresa eta bestelako sentsazioak ere sorraraziko dizkio eszenatoki nagusira gerturatzen den orori.

Musikak tarte zabala izango du jai egunean. Tafallako Galtzagorriak taldeak bere basoko ska eskainiko du eguerdi partean. Arratsaldean aldiz, Akiakulek dantzan jarriko gaitu Euskal Herriko zein munduko hainbat dantza-doinu geurera ekarriz. The Sustraians Revuek roksteady eta early reggae erritmoetan murgilduko gaitu kanta ezagunen bertsio euskaratuekin. Eta azkenik, Trikidantz erromeri taldeak amaiera emango dio jaiari bere doinu alai eta dantzagarriekin. Bestalde, egunean zehar, haurren gozamenerako puzgarriak ere izango dira.

Horrez gain, gurasoek prestatutako tailerrak izango dira bertan: txapa tailerra, agenda bat sortzekoa, haize-errota bat egitekoa eta orientazio proba, besteak beste. Gustuko dutenentzat Txalaparta jotzen ikasteko aukera ere egongo da, eta gainera, Saharako kabiak ere gurekin izango da egun eder hau gozatzen. Jarduera guztiak doan izango dira.

Jai gunera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendio egiten zaie herritarrei, eta txirrindulaz gerturatuko direnentzat parkina jarriko dute.

Altsasun, larunbatean

Bestetik, larunbatean eta Taup-taup… zatoz! lelopean, Sakanako Herri Eskolek Sortzen eguna ospatuko da. Ekitaldiak Foruen plazan izanen dira 11:00etatik aurrera. Tailerrak, jolasak eta erraldoi eta buruhaundiak ibiliko dira umeen gozamenerako. Ondoren ihauterien konpartsen ikuskizuna eta herri bazkaria izanen dira. Arratsalde partean musikaren txanda izanen da herriko hainbat musika eta dantza taldeen eskutik. Txikiendako, pailazoak eta herri kirola izanen dira. Eguna kalejira eta zezenzusko batekin amaituko da.

Gehiago