Euskal errepresaliatu politikoen eskubideak defendatzeagatik epaituko dituzten 47 herritarrak lanean jada elkartasuna antolatzeko

11/13 sumarioan auziperatuak irailean epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Abokatu lanetan, Herrira mugimenduan, Jeiki Hadi eta Etxerat elkarteetan edota EPPKren bitartekari lanetan ibilitakoek kezkaturik daudela adierazi dute. Auziperatuen artean 11 nafar daude.

2019-ko maiatzak 10

Azken asteotan euren herri eta auzoetan jaso duten “berotasun eta hurbiltasuna” eskertzearekin batera elkartasun adierazpen horiek herri mobilizazioan bihurtzeko asmoa erakutsi dute 11/13 sumarioko kideek. Horretarako buru-belarri lanean jarri dira irailean burutuko den epaiketari aurre egiteko. Zehazki, irailaren 16an hasiko da epaiketa Espainiako Entzutegi Nazionalean. Euskal errepresaliatu politikoen eskubideen aldeko lana egiteagatik 47 auziperatuentzako zigor espetxe gogorrak eskatzen dizkiete, osotara 590 urteko espetxe zigorrak.

“Auziperatuok kezkaz bizi dugu makroepaiketa honek suposa dezakeena, baina ilusioz eta indarrez beteta gaude gure aurkako ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko. Horretarako, lantaldeetan antolatu gara eta koordinazio bilerak egiten dihardugu, epaiketak berarekin dakarren lan eskergari ahalik eta ondoen aurre egiteko. Elkar hartuz eta zainduz modu kolektiboan erantzungo diogu jazarpen honi guztiari”, adierazi dute.

Batetik, epaiketa ondo prestatzeko beharrezkoak diren zereginetan murgilduak daude jada (lekukoak, defentsari dagozkionak, azpiegiturak, garraio bitartekoak e.,a.). Bestetik, epaiketak suposatuko dituen galera ekonomiko ikaragarria arintzeko moduak aztertzen ari dira. Eta azkenik, “epaiketa honen bidegabekeria ikaragarria salatu, jasotzen ari garen elkartasun guztia antolatu eta epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuz mobilizazio herritar indartsu bat abiatzeko” prestaketak ere abiatu dituzte.

Ekainaren 1ean Donostian egingo duten agerraldian emango dituzte xehetasun guztiak.

Gehiago