Eunateko ikastetxearen aldeko dinamika bat abiatu dute hezigunearen ixteko arriskuaren aurrean

Mobilizazioak iragarri dituzte datozen egunetarako. Ostegun honetan, giza kate bat eginen dute Txantrean.

2019-ko apirilak 30

Eunate Bizirik dinamika auzoko eragile ezberdinek Eunateren “iraunkortasuna eta biziraupenaren inguruko kezkarengatik” abian jarri dutela adierazi dute. Izan ere, Eunate Txantreako D ereduko bigarren hezkuntzako ikastetxe bakarra da.

Dinamika honen bultzatzaileen hitzetan, Hezkuntza Departamentuak “zuzendaritzaren onespenarekin” berriki Eunaten bideozaintza sistema ezarri izanak “ikastetxeko bizikidetzaren kaskartze-prozesua azkartu eta handitu” du. Hala ere, euren iritziz kamerena “ez da kontu isolatua”, eta “urteetan jasotako elkarbizitza-gatazka” ugariei erreferentzia egiten dute.

“Karguan hamarkada bat baino gehiago egon den zuzendaritza-taldeak gehiegikeriak egin ditu, eta arautegia hautsi du kontaezinak diren alditan, baita ikasleen edo bertako langileen segurtasuna arriskuan jarri ere. Horren adibide dira, ebakuaziorako ateak katez ixtea, ikasle aktiboenak beldurtu eta zigortzea, greba-eskubidea ukatzea, biltzeko zein adierazteko eskubidea ukatzea, Eskola Kontseiluari balioa gutxitu eta nahierara erabiltzea, irakasleentzat jasangaitza den lan-giroa sortzea (bitarteko langileek ez dute inoiz Eunaten errepikatzen) eta kamerak jarri izana ikastetxeko beste estamentuei aurretik abisatu gabe, besteak beste”.

Hala eta guztiz ere, segurtasun bideokameren afera da haientzat garrantzitsuena, eta sortutako egoeragatik “ikastetxea ixteko arriskuan” dagoela diote.

Eunate Bizirik dinamikatik “ikastetxearen etorkizuna bermatuko duen prozesua” abian jarri dute. “D ereduaren aldeko hautua egingo duten familientzako erreferentziazko hezigunea bihurtu dadin” ezinbestekotzat jotzen dituzten hainbat neurri proposatu dituzte. Horien artean, ezarritako bideozaintza sistema kentzea, ikastetxeko estamentu guztien inplikazioa eta konpromisoa bilatzea, ikastetxeak bizirauteko apustua egin, elkarbizitzaren hobekuntza sustatzeko eta hezkuntza-proiektua eraberritzeko. Era berean,  oraingo zuzendaritza-taldea ordezkatzea eskatzen dute.

Aldarrikapen hauek jendarteratzeko maiatzean eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Ostegun honetan, giza kate bat eginen dute Bernart Etxeparetik 16:45etan. Eta maiatzak 18, manifestazio bat Txantrea plaztik 18:30etan.

Gehiago