Etxebizitzari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte REASek eta Koobizitzak
Apirilaren 3tik 12ra, REAS Nafarroak Ekonomia Solidarioaren XVIII. jardunaldiak burutuko ditu. Aurten, Koobizitza Sarearen laguntzarekin, etxebizitzan jarriko dute fokoa, eta gaur egungo larrialdiari eta horri irtenbideak emateko dauden proposamenei helduko diete.
2025-ko martxoak 25
REAS Nafarroak eta Koobizitza sareak Ekonomia Solidarioaren XVIII. Jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur. “Erronka: etxebizitza izateko eskubidea bermatzea” izenburupean, etxebizitza eskuratzeko arazoak eta erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboko proiektuak aztertuko dituzte.
“Pertsona guztientzat etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatzea da gizarte gisa dugun erronka kolektibo handienetako bat, eta REAS Nafarroan uste dugu erronka hori eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsizioarekin lotu behar dela, pertsonen, ingurune sozialaren, lurraldearen eta naturaren zaintza erdigunean jarriko dituena”, adierazi dute REAS Nafarroako bozeramaileek.
REAS Nafarroakoak kezkatuak agertu dira etxebizitzaren inguruan gertatzen ari den guztiarekin: etxebizitza duina lortzeko zailtasuna edo ezintasuna, alokairuen prezioaren igoera izugarria, etxegabetzeak, etxerik gabeko pertsonak kaleetan… Horregatik, gai hau jardunaldi hauetan jorratzea aukeratu dute, gizarte-eragileak eta erakundeak egoera larri honi irtenbideak bilatzeko egiten ari diren proposamenei helduz. Halaber, nabarmendu dute Ekonomia Solidarioak urteetan sustatzen ari den eredua jarriko dutela eztabaidaren erdigunean: etxebizitza kooperatiboa erabilera-lagapenean, merkatu tradizionalaren ordezko eredu bat.
“Eredu horrek etxebizitza sozial eta irisgarrien parkea handitzen laguntzen du, eta irtenbide kolektiboak bilatzen ditu. Irtenbide horiek, etxebizitza gizarteko geruza gehiagotara iristea ahalbidetzeaz gain, etxebizitza eredua hain indibidualista ez den, partekatuagoa den, iraunkorragoa den eta ikuspegi komunitario batek eskaintzen dituen zaintzetan eta indarguneetan oinarritzen den eredu baterantz eraldatu nahi dute”.
Jardunaldiak Koobizitza etxebizitza kooperatiben sarearekin elkarlanean antolatu dituzte.
Sare horren ordezkari gisa Mauge Cañadasek eta Edurne Eginok hartu dute hitza, eta azaldu dute Nafarroan Koobizitzak Etxekonak, Etxekide, Amarauna, Arterra Bizimodu, Zabalza, Elkar Zaindu, Karabaña, Artizarra eta El Tinglado proiektu kooperatiboak biltzen dituela. “Jardunaldi hauetan etxebizitza kooperatiba beste eredu konbentzional batzuen alternatiba gisa ezagutzera gonbidatzen dugu: zerbitzu batzuen autokudeaketa, elkarri laguntzeko dinamikak, bizitza pribatuaren oreka eta elkarrekin bizitzea… ez gara soilik bizitzeaz ari: bizimodu partekatuez ari gara”, nabarmendu dute.
Koobizitzak bat egiten du Ekonomia Solidarioaren printzipioekin eta etxebizitzaren esparruan aplikatzen saiatzen da. “Etxebizitza duina izateko eskubidea gero eta zailagoa den gizarte egoera batean, proposamen horiek bide bat izan daitezke”, esan dute, eta azpimarratu dute haien nortasun ikurra kooperatibaren jabetza eta elkarrekin bizi diren familia edo pertsonek erabiltzeko duten eskubidea direla. “Eredu horiek babesteko eta garatzeko interesa erakusten ari diren” erakundeekin elkarlanean ari direla azaldu dute, eta pixkanaka sarea egituratzen ari direla, “proiektu berriei laguntzeko, eredua argi eta garbi zabaltzeko, askotarikoa eta irekia baita”.
Lehenengo mahai-inguruan, apirilaren 3an, Pobreziaren Aurkako Sareak, Harituk eta Paris 365-k gaur egungo etxebizitzaren larrialdiaz hitz egingo dute. Bigarren mahai-inguruan, apirilaren 7an, Javier Buron Nasuvinsako gerenteak eta Begoña Alfaro Foru Gobernuko presidenteordeak parte hartuko dute, Nafarroako etxebizitza-politika publikoak azaltzeko, eta La Dínamo Fundazioko Gloria Rubio ere izango da, gai honetan aditua dena. Hirugarren solasaldia, apirilaren 9koa, etxebizitza kooperatiboari buruzkoa izango da, eta Koobizitza Sareko, Madrilgo Entrepatios kooperatibako eta El Tinglado arkitektoen kolektiboko ordezkariek parte hartuko dute. Mahai-inguru guztiak Katakraken egingo dira 18:30etatik aurrera.
Jardunaldiekin amaitzeko, tailer praktiko bat egingo da etxebizitza proiektu kooperatibo batean parte hartu nahi duten guztientzat. Arterra Bizimodu, Etxekide, Etxekonak eta Abaraska kooperatiben esperientziak entzun ahal izango dira. Tailer hau apirilaren 12an, larunbata, ospatuko da 10:30etatik aurrera Iruñeko Plazara zentro komunitarioan.
