Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioak babes zabala jaso du eragile sozialen aldetik
Larunbata honetan Bilbon “Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!” lelopean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute etxebizitza sindikatuek.
2024-ko abenduak 11
Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioari hainbat eragileen aldetik jasotako babesa aurkeztu dute. Etxebizitza eskubidearen aldeko eta bazterketa sozialen kontrako eragileaz gain, eragile sindikal eta langile elkarteak, ekosistemen suntsiketaren aurka borrokatzen diren elkarteak, arrazakeriaren kontrako kolektiboak, auzo elkarteak, sare komunitarioak, gune autogestionatuak, elkarte kulturalak, antolakunde politikoak, talde antimilitaristak, internazionalistak eta antifaxistak, kolektibo feministak, emakumeen, genero identitateen eta sexu disidentzien diskriminazioaren kontrako eragileak, gaztetxeak, gazte asanbladak eta gazte antolakundeak eman diote babesa deialdiari. Osotara, 220 eragile baino gehiagoren zerrenda.
“Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa gero eta gordinago eta bortitzago azaleratzen ari da. Horren adierazle dira alokairuen eta hipoteken prezioen gorakada etengabea; turistifikazio basatia, etxegabetzeak, okupazioaren aurkako ofentsiba judiziala, mediatikoa eta poliziala; etxerik gabeko pertsona kopuruaren gorakada; edota etxebizitza ordaintzeko laguntza kaskarren mende gauden langileon zenbatekoaren hazkundea. Etxebizitzaren merkantilizazioak langile klasearen osotasunari eragiten dio, gero eta gehiago eta gero eta gogorrago. Baina modu are bortitzagoan eragiten die langile klasearen geruza jakin batzuei. Migratzaileen, pretsona arrazializatuen, errefuxiatuen, emakumeen eta genero-disidentzien kasuan besteak bete, etxebizitaren arazoa tragedia bihurtzen da, eta eguneroko indarkeria, diziplinamendu eta bazterketa forma hartzen du”, salatu dute.
Hala ere, askorentzat eguneroko arazoa den hori “beste batzuentzat negoziorako aukera” dela nabarmendu dute, eta horien artean putre funtsek, bankuek, industria turistikoak, erakunde publikoek edo inbertsore handiak aipatu dituzte. “Beraz, argi dago zeintzuk diren txanponaren bi aldeak: burgesiaren irabaziek gora egiteak, langileon miseria areagotzea esan nahi du. Hau da: gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen dira”.
Manifestazioa eguerdiko 13.00etan abiatuko da Bilboko Plaza Eliptikotik.