‘Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez!’ lelopean, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek mobilizazio deialdia egin dute
2024-ko urriak 28

Etxebizitzaren negozioaren aurka, politikarien eta instituzioen jarreraren aurka eta doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde aldarrikatzeko, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek greba deialdia egin dute, abenduaren 14rako, Bilbon.
EH etxebizitza sindikatuek salatu dute, etxebizitzaren arazoarengatik langile klase osoa pobretzen ari dela: “Duela hamarkada gutxi batzuk etxea erosteko asmoa izan zezaketenek, orain, alokairuan galtzen dituzte aurrezkiak; alokairu bat ordaindu zezaketenak, orain, Etxebideren edo Nasuvinsaren zerrendetan daude zain; eta beti kalean egon direnek, orain, Estatuaren baliabideen murrizketa bizi dute. Euskal Herrian arazoa areagotu egiten da interes turistikoa duten eremuetan, hala nola Donostian edo Iparraldek kostaldean eta hirigune handietan. Gainera, etxebizitzaren merkantilizazioak modu bortitzean eragiten die gizarte-sektore jakin batzuei: migratzaileei, emakumeei eta genero-disidentziei” adierazi dute.
Etxebizitzaren arazoa sistema kapitalistarekin lotuta dagoela adierazi dute, baina orain, arazoa areagotzen ari dela diote. Izan ere, etxebizitzaren negozioaren bidez, alde batean aberastasuna eta jabetzak kontzentratzen diren bitartean (putre funtsak, inbertsore handiak, bankuak, erakunde publikoak eta hain handia ez den jaberen bat), beste aldean pobretzea areagotzen ari dela salatu dute.
Sindikatuek, bestalde, politikari eta instituzioei ere egotzi diete arazo honen errua, ez baitute arazo hori konpontzeko neurririk hartzen “Politikari guztiek, ezkerretik eskuinera, ideia bera partekatzen dute: etxebizitzaren arazoa konpontzeko negozioa sustatu behar dela. Edo beste era batera esanda, beraien ustez, eskaintza faltaren ondoriozkoa den arazoa konpontzeko, eskaintza hori merkaturatzen dutenei mesede egin behar zaiela. Eta arazoa ez da eskaintza falta, etxebizitzarako sarbide-arazoa da bizi duguna” azaldu dute. Horregatik, orain premiazko neurriak hartu behar badira, dirua espekulatzaileen poltsikotik etor dadila aldarrikatu dute, eta ez diru publikotik.
Bukatzeko, sindikatuek azaldu dutenez, etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, ez da eskubide bat izango. Horregatik, premiazko neurriak hartzeaz gain, aldarrikatu dute gizarte osoaren etxebizitza-arazoa konponduko duten neurrien alde borrokatzen jarraitzea oso garrantzitsua dela. Horregatik, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek bat egin dute abenduaren 14an, Bilbon, doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde mobiliazazioa egiteko.