Etxarriko Jon Gurutz euskal presoaren askatasuna aldarrikatzeko manifestazio deitu du Sarek

Abenduaren 27an Jon Gurutz herritarraren eta larriki gaixo diren euskal presoen askatasuna aldarrikatzeko kalera aterako dira berriz ere Etxarri Aranatzen.

2019-ko abenduak 9

Herriko eragile, kuadrilla eta norbanako ugariren atxikimenduekin, abenduaren 27an arratsaldeko 19:00etan, Etxarriko plazatik abiatuko den eskualdeko manifestazioan preso politikoaren askatasuna exijituko dute.

Jon Gurutzek abenduaren 31an, 69 urte beteko ditu. 41 urte pasa daramatza herritik urrun, eta 2007tik Frantziako espetxe batean dago. 12 urte daramatza beraz, espetxean. “Estatu Frantziarrean oraindik kondena luzea du. Hiru estradizio eskaera eta euro agindu bat ere badu bere kontra. 12 urte hauetan hiru espetxe ezagutu ditu. Momentu honetan Lannemzango espetxean dago, herritik 300km-tara. Jon Gurutzek gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra”, gogoratu du Sarek.

Giza eskubideak non gelditzen diren galdera egiten du Sarek. “Gaixotasun larri eta sendaezin bat ez da espetxe batekin bateragarri. Ez bakarrik hori! Konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea urgentziazkoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da”, salatu dute.

“Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok batera bultzatu behar dugu eta norabide horretan abenduaren 27ko “Orain Jon Gurutz, larriki gaixorik diren presoak etxera” manifestazioa beste urrats bat” izanen dela diote.

Gehiago