Etxarri Aranatzek Josu Zabalaren hilketa argitzea exijituko du bere heriotzaren 20. urtemugan
ETAko militantea 1997an agertu zen hila tiro batekin Deban. Estatuak bere buruaz beste egin zuela esan zuen. Euskal erakunde armatuak Estatuko indar polizialek Zabala bahitu eta erahil zutela salatu zuen.
2017-ko martxoak 11
Martxoaren 27an hogei urte beteko dira Josu Zabalaren gorpua Gipuzkoako Deba udalerrian kokatua dagoen Punta Mendata parajean agertu zenetik. Zabalak tiro bat zuen bularrean eta pistola bat agertu zen gorpuaren ondoan. Autopsiaren arabera, 1997. urteko martxoaren 26an hil zen Josu, bularretik sartu zitzaion bala batek eragindako zauriengatik.
Euskal Erkidego Autonomoko Gobernutik zabaldu zen bertsio ofizialak ETAko militanteak bere buruaz beste egin zuela baieztatu zuen. ETA-k argitaratu zuen ohar batean Zabala erakunde honetako kidea zela aitortzearekin batera, martxoaren 23an Bilbon bahitua izan zela salatu zuen, eta Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrei leporatu zien bere heriotzaren ardura.
Josu Zabalaren heriotzaren ondotik egin ziren ikerketa judizialetan azaleratu ziren hainbat datuk suizidioaren hipotesia hankaz gora jarri zuten: gorpua agertu zen tokian ez zegoen odol arrastorik, egin ziren miaketetan bala-zorrorik ez zen aurkitu; Etxarriko bizilagunak jantzita zeramatzan zapatetan itsatsita zegoen lurra ez zen inguru hartakoa….
20 urte ondoren, ikerketan azaleratutako datuak “bertsio ofiziala gezurtatzen” dutela eta gertatutakoaren egia ez dela ezagutzen salatu dute euren lagun eta familiarrek. Haiek beraien esku egon den guztia egin dute egia bilatzeko: ekinbide judizial luze eta garestia sustatu dute eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino eraman dute Josuren auzia, baina ahalegin guzti horiek oraindik ez dute emaitzarik eman.
“Egia jakitea, eskubidea izateaz gain, ezinbestekoa da etorkizunerako. Egia ez jakiteak Josuren familia, lagun eta herrikideen mina biderkatzen du. Egia ezinbestekoa da aitortzan, erreparazioan eta ez errepikatzeko bermean oinarritu behar den bakea eraikitzeko. Egia ezinbestekoa da horrelako gertakaririk emango ez dela bermatzeko”, esan dute gaur Etxarrin emandako agerraldian.
Josu Zabalaren heriotzaren 20. urtemuga honetan ekitaldi bat antolatuko dute Etxarri Aranatzen 2017ko martxoaren 25ean, arratsaldeko 20ean Plazan eginen dena. Ekitaldi honen helburua “egia” aldarrikatzea eta gatazkaren konponbidean ardura duten eragile guztiak interpelatzea izanen da.