Espetxeetako egoerei “begirada bat” emateko Sare Herritarrak ziega bat kokatuko du Iruñeko erdigunean Gabonetan

Sare Herritarrak bultzatutako Orain Presoak dinamikaren helburuak euskal presoen eskubideen alde, zein elkarbizitzaren eta bakearen alde lan egin eta indarrak batzea dira. "Etorkizunari begira ezberdinen arteko zubiak eraikitzea" beharrezkoa jotzen dute, "gatazkaren ondorioak konponbidean jarri eta bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik" etorri behar direla uste dutelako.

2018-ko abenduak 21

Baina horrek “denon ardura, denon ahalegina behar” duela azpimarratzen dute, eta horregatik abenduaren 28 eta 29an Iruñeko erdigunean (Sarasate Pasealekuan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean) “Begirada bat barrutik” ekimen ikusgarria gauzatuko da. Bi egunez, 8 metroko ziega bat jarriko dute Sarasate pasealekuan. Ohe bat, mahai eta aulki bana… Bi egun horietan goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30etara ostiralean, eta 10:00etatik eguerdiko 13:30etara larunbatean, 30 herritar, bakoitza 30 minutuz, ziegaren barrualdean egotera gonbidatu dituzte. Alderdi, sindikatu eta eragileetako ordezkariak, kazetariak, abeslariak, marrazkilariak… eta, oro har, herritarrak.

“Begirada bat barrutik” ekimenaren helburuak euskal preso nafarren giza eskubideen urraketak gizarteratzea eta gatazkaren konponbidearen beharra azpimarratzea dira, eta gatazkaren ondorioz zabalik dauden zauriak ixteko ahaleginean, bakearen eraikuntzan, gizarte aktibazioaren garrantziaz ohartarazi nahi dute. Ildo berean, urtarrilaren 12an Baionan eta Bilbon izanen diren manifestazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatuko dute ekimen honen bidez.

Parte hartzaileak esparru eta sentsibilitate ezberdineko jendea izanen da. Ordu erdi horretan marrazkilariak marrazki bat egin dezake, idazle batek testu bat idatzi, bertsolariak bertso pare bat abestu, abeslariak kantatu, kazetariak bere kronika ziega barrutik idatzi… edo besterik gabe gutun bat idatzi edo bertan ezer egin gabe ordu erdiz egon.

Momentuz, Julio Soto bertsolaria, Anabel Arraiza aktorea, Hutsun Txalapartariak, Maider Ansa abeslaria, LAB, ELA, Hiru, EH Bildu, Salhaketa, Etxerat eta Sortuk parte hartuko dute. Kazetaritza mundutik Reyes Ilintxeta (Euskalerria Irratia), Joseba Santamaria (Diario de Noticias) , Joxerra Senar (Berria), Martxelo Diaz (Gara – Naiz) eta Miguel Angel Llamas “Pitu” (Ahotsa.info) izanen dira Sarasate pasalekuan kokatuko den ziega horretan.

Gehiago