Espainiako Kongresuak atzera bota du 78ko Sanferminei buruzko agiriak desklasifikatzeko eskaera

Espainiako Diputatuen Kongresuko Barne Batzordeak atzera bota du PP, PSOE eta Ciudadanosen botoekin 1978ko Sanferminetako gertaerei buruzko agiriak desklasifikatzeko asmoz zenbait indar politikoek aurkeztutako legez besteko proposamena.

2018-ko maiatzak 8

Urtarrilaren 18an Nafarroako Parlamentuak onartu zuen gertaera horiekin lotuta Barne Ministerioaren menpe dagoen dokumentazio osoa eskuratzea. Proposamenak UPN, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerraren (diputatuen %96) babesa jaso zuen Nafarroan, eta PPk besterik ez zuen jo abstentziora; kontrako botorik ez zuen jaso. Nafarroan aurrera ateratako egitasmo bera, hala ere, atzera bota du Kongresuko Barne Batzordeak PP, PSOE eta Ciudadanosen eskutik.

78ko Sanferminak Gogoan plataformak Kongresuaren atarian eginiko agerraldian, Poliziak hildako German Rodriguezen anaiak, Fermin Rodriguezek, adierazi du 40 urteotan familiak ez duela inolako arretarik, barkamen eskaririk ezta aitortzarik ere jaso Estatuko erakundeen partetik. Rodriguezen hitzetan, “40 urteko zigorgabetasunaren ostean pauso irmoak emateko ordua da egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean”.

Hain justu, elkarteko kide Amaia Kowaschek gogoratu du “duela 40 urte Kongresuko Barne Batzordeak aho batez onartu zuela gertaerei buruzko “informazio osoa publiko egiteko” eta bide batez “erantzukizunak argitzeko” eskaria”. Dena dela, Kowashek nabarmendu du “oraindik ere ez direla bete batzorde horretan hitzartutako neurriak”, eta garrantzitsutzat jo du azken lau hamarkadetan “inposatutako isiltasunarekin, memoriaren bahiketa etengabearekin eta zigorgabetasunarekin amaitzea”.

Azkenik, Sabino Cuadrak salatu du Nafarroako erakunde nagusiak gehiengoz hartutako erabakia “gutxietsi” duela Espainiako Kongresuak, eta legez dagozkion eskumenen aurka jo duela. Cuadrak, halaber, PSOEri zuzendu zaio, eta “erantzukizunez” jokatzeko galdegin dio. “Nafarroan proposamenaren bultzatzaileetako bat izanda alde bozkatu bazuen ere, erabat aldatu du jarrera Madrilen, eta legez besteko proposamenak aurrera egitea oztopatu du”, salatu du.

Gehiago