Esa urtegiaren handitze lanak jarraitzen duten bitartean, oposizioa indartzen ari da eta proiektua gelditzeko eskatu dute
Yesa+No, Río Aragón y ZAIN elkarteak, Esarako III Martxa antolatu zuten pasa den apirilaren 19an, era birtual batean. Parte hartzaileek bideoak eta argazkiak zabaldu zituzten sare sozialen bidez eta bideo hau osatu dute Esa urtegiaren handitze lanak salatzeko. Proiektu honen aurkako lanarekin jarraitzeko erreferente berriak sortzeko aukera aztertzen ari dira.
2020-ko apirilak 30
“Covid-19aren pandemia bete-betean dugularik, zientzialariak bat datoz esatean gaur egungo epidemien zati handi bat, eta etorkizunean ager daitezkeenak, ingurumenaren degradazioarekin lotuta daudela. Kutsadurak, habitat naturalen desagerpenak, animalia eta landare espezieen desagertzeak, espezie inbaditzaileek edo jaten eta/edo jaten dituzten animalien katean gertatzen diren aldaketek ekosistemak aldatzen dituzte, eta, horrela, epidemia berri eta arriskutsuen agerpena eta hedapena errazten” dela diote kaleratu duten oharrean.
Egoera hori gelditzen saiatzetik urrun, ingurumenaren hondamen hori larriagotzen duten erabakiak hartzen ari direla gogoratzen dute. “Covid-19ak uzten digun irudi nagusia sistema baten irudi dramatikoa da. Sistema horren oreka delikatua desegiten da salbuespenezko zerbait sortzen den unean”, koronabirusarekin gertatu den bezala.
Egungo krisiak administrazioak “ez duela lan egin pertsonen osasuna, segurtasuna eta ongizatea lehenesteko” agerian geratu dela uste dute. “Arazoa ez delako baliabide falta. Arazo nagusia da baliabideen zati handi bat ez dela gizarte osoaren osasun eta ongizatera bideratzen, gutxi batzuk aberastera baizik”, salatu dute.
Norabide horretan kookatzen dute Esa urtegiaren handitze proiektua. “Obra publiko handi bat zalantzan jartzen den bakoitzean, azpiegitura horrek sortuko duen onura handiagoa dela argudiatzen da, eragiten dituen kalteak baino. Esaren kasuan, handitzearen ondoren sortuko diren hektarea ureztatuez hitz egiten digute, baina inoiz ez dute emango lur ureztagarri horiek dituzten jabeen daturik. Zenbat poltsikok onurak ateratzen dituzten ekoizle txikien desagerpena eragiten duten ureztapenetatik, latifundista handien mesedetan”, diote.
Esaren handitzearen aurkakoek inguruko herriek bizi duten despopulazioa, lanaren falta eta segurtasun eza lotu dute proiektu honekin.
“Covid-19 pandemian oso erraz laburbiltzen diren elementuak batzen dizkigute: bizi nahi dugu, segurtasunez, eta ingurumena errespetatzen duen bizimodu bat babestuz”, aipatzen dute.
Esarako Martxa bertan behera utzi behar izan zuten, baina egindako ekimen honen bidez herritarrei hitza eman diete, euren kezka agerian uzteko. Hala ere, gogoratu nahi dute Esako urtegiaren obrak ez direla gelditu. “Herritarrak eta haiekin gure biltzeko eta manifestatzeko eskubideak berrogeialdian jarraitzen zuten bitartean, osasuna, ongizatea eta segurtasunaren gainetik negozioak eta irabaziak jartzen dituztenek, ez diote obretan lan egiteari utzi, hormigoia eta milioiak bereganatuz”. CHEk aurrera egin du Plan Hidrologiko bat aurkezteko prozesuan, eta, horren arabera, Esako obren amaiera 2027. urterako izango dela aurreratu dute.
Gauzak horrela, Esaren handitzearen aurkakoek “erokeria hau” gelditzeko unea iritsi dela uste dute, eta proiektu handietako gastuak osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoan inbertitzeko eta interes orokorreko beste egitasmoetan deia luzatu dute.
Aldi berean, ezinbestekotzat jotzen dute Esako urtegia handitzeak gizartean, ekonomian eta ingurumenean izango dituen ondorioak osorik ikusteko gai izango den prozesuari ekitea. Halaber, Esarekiko oposizioaren lana eta eraginkortasuna suspertzeko eta biderkatzeko balioko duten antolaketa-erreferente berriak sortzeko aukera aztertzen ari dira.