Errigoraren kanpaina berria martxan, inoiz baino solidarioagoa eta Nafarroako erdialdean euskara zabaltzeko helburu berriekin
Gaur hasi da Erriberako produktuen saskiak eskuratzeko kanpaina, eta Agerraldia ekimenaren agenda aurkeztu du Errigorak.
2020-ko urriak 24
Aurkezpen bikoitza egin du Errigorak Mendigorrian. Batetik, Agerraldiarena eta bere agendarena. Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldun eta euskaltzaleak saretzeko eta euskara bultzatzeko martxan jarri duten egitasmo berriaren aurkezpena. Bestetik, Errigoraren kanpainarena. Gaurtik hasita azaroaren 12ra arte luzatuko dena eta, besteak beste, Agerraldia bera posible egingo duena.
“Tamalez, Mendigorria zonifkazioaren burugabekeriaren sinbolo bilakatu da, herriko eskolan D ereduari betoa jarrita, administrazioak milaka herritarren hizkuntza-eskubideen aurka aplikatzen duen politikaren isla. Baina, zorionez, Mendigorria herri-ekimenaren sinboloa ere bada, guraso-talde batek haien haurrak euskalduntzeko hartu duen konpromisoaren ikur”, azaldu dute. Agerraldiak bere aletxoa jarri nahi izan du, eta zonaldeko beste zortzi herritan egin duen antzera, haurrentzako euskarazko ludoteka bat antolatuko du Mendigorrian.
Haizea Lizarbe Agerraldiko kideak adierazi duenez, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspo berria ematera dator Agerraldia. “Zonaldeko euskaltzaleen indarrak metatzera, ilusio berriak piztera eta orain arte egin den lanari bultzada ematera” dator Agerraldia. Ildo horretan bide praktikoa egin nahi dute “euskarari hauspo berria emateko ezagutza bultzatuz, erabilera sustatuz eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortuz”.
Horretarako, urtero ekintza-agenda bat proposatuko dute, urritik urrira Agerraldiak babesten, sustatzen edo antolatzen dituen ekimen eta ekitaldi puntual zein iraunkorrak jasoko dituena. Ikasturte honetan osatu duten lehenengo agendan kokatu diren ekimenak hauek dira: Abizenak euskarazko grafiaz jartzeko kanpaina, Mintzalaguna egitasmoa, hizkuntza-paisaia aldatzeko ekimenak, kirol jarduerak, tailer feministak, elkartrukeak eta elkar-ezagutza bidaiak, azterketa soziologikoak, ekitaldi kulturalak, euskara egunak, bertso-eskolak, haurren aisialdirako ekintzak…
Otxando Irurtia Mendigorriako gurasoak 9 herrietan eginen diren ludoteken berri eman du. Agerraldiaren eskutik Nafarroa hegoalde eta erdialdean 9 herritan euskarazko ludoteka zabalduko direla azaldu du, haurrak aisialdian euskaraz harreman daitezen. Horietako bat Mendigorrian izango dela azaldu du eta eskerrak eman dizkio Agerraldiari eta Errigoraren bidez hau posible egiten duten herritar guztiei.
Bestetik, Saioa Crespo Argia ikastolako zuzendariak azaldu du ikastolaren helburua ere badela Tuteran eta inguruko herrietan euskara txertatzea. Era berean, gogoratu du ikastolari Errigorak orain artean egin dion ekarpena ezinbestekoa izan dela eta, orain, ekarpena bikoitza izango dela: zuzena eta zeharkakoa, Agerraldiaren bidez.
Erriberako produktuen saskiak dagoeneko salmentan
Aurtengo kanpainarako hautatu dugun leloak dioen bezala, egiten duguna gara. Abiapuntutik dago Errigoraren oinarrian ekiteko asmo hori. “Izan ere, orain arte azaldutakoak asmo edo amets hutsak lirateke Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainagatik ez balitz. 2013an kanpaina lehenengoz egin genuenetik, gure ekintzen jabe egiteko bide bat eskaini nahi izan dugu”, azaldu dute Errigorako lagunek. Dagoeneko, 1.200.000 bat euro bideratu dira Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastoleta, Erriberako AEK-ra eta hezkuntza publikoan D ereduko lerro berriak zabaltzeko Sortzen elkarteak abiatutako proiektuetara.
Aurten ere hiru saski eskainiko dituzte beltza (betikoa), 50€ko balioa duena, kanpaina hone-tako saski klasikoa; berdea (ekologikoa), 60€ko balioa duena, produktu ekologi-koz osatua; zuria (berezia), 70€koa, gutiziaz osatua. Auzolanari esker, hauen balioaren %25 aipatutako egitasmoetara bideratuko da.
Baina aurten, elkartasuna biderkatu nahi dute Errigorakoek. Pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez da izango datorren udaberrian. Egoera honen aurrean ardura hartu nahi izan dute eta, beraz, saski bakoitzeko 5 euroko ekarpen gehigarria eskatuko diete herritarrei. Saski beltza eskatzekotan, 55€ ordainduko dira, trukean, saskiaz gain, Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko, Korrika ez egiteak eragingo dion diru-galera arintzen laguntzeko. Saski berdea eskatzekotan, 65€ ordainduko dira, eta saskiaz gain, Seaskaren egutegia jasoko da eta Seaskari diru hori zuzenean bideratuko zaio, Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko. Saski zuria eskatzekotan, 75€ ordainduko dira, saskiaz gain, D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko.