Errigoraren kanpaina berria, Erriberan euskara eta ekoizle txikiak bultzatzeko

Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura kanpaina martxan du Errigorak. Hilaren 20ra arte oliba-olio bijina estra eta kontserba-loteak eskatu ahal izango dira, konbentzionalak eta ekologikoak. Auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatua izango dira. Iaz, 6 mila sukalde eta 14 ekoizle elkartu ziren kanpaina honetan.

2018-ko martxoak 6

“Zubiak eraikitzen jarraitzen du Errigorak”, esan du Iker Ajuriagerrak Info 7 Irratian egindako elkarrizketan. Eta horixe bera egin nahi dute datorren asteetan burutuko duten kanpainarekin. Gaurtik hasi eta martxoaren 20ra arte iraungo du aurtengo Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak. Lelo berriarekin dator: Zubi bat sukaldera, baina kanpainaren plantemendua betikoa izango da: oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatu ahal izango dira euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Sukaldean batzen gara euskaldunok. Sukaldean prestatzen dugu janaria; sukaldean egiten ditugu otorduak; sukaldean aritzen gara solasean. Sukaldeko mahaiaren inguruan konpartitzen ditugu kontu txikiak eta ospatzen ditugu egun handiak. Sukaldea da etxeko erdigunea. Sukaldea da familiaren sorlekua. Sukaldea da jendartearen lehen ataria. Eta sukaldearen eremu partikularra gainditzeko proposamena da #ESKUTIKeskura kanpaina. “Sukaldera zubi bat sartzeko formula bat, eta sukaldetik zubi bat irtetekoa. Norbere sukaldea gainerakoekin lotzeko bidea. Errigoraren inguruan sortu dugun komunitatearekin bat egiteko era”. Pasa den urtean, 6.000 sukalde batu ziren modu horretan Errigorako kanpainan parte hartzen duten ekoizleekin.

“Elikagaiak milaka kilometrora dauzkagun lurretatik ekarri ordez, bertokoaren aldeko apustua” egiteko deia egin du Errigorak. “Merkatuaren logika eroari ihes egin eta ingurumena errespetatzen duen nekazaritza-ekoizpen eta banaketa-eredua” sustatzeko, azken finean. Eta hori guztia arduraz kontsumituz (bertakoa, kalitatezkoa eta osasuntsua), arduraz ekoiztuz (bertako lehengaiekin, langileak errespetatuz eta ingurumena zainduz), eta arduraz elkartrukatuz (auzolanean, euskaraz eta alde bientzako bidezko prezioan).

Oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak, ekologiko zein ez ekologikoak, euskaraz etiketatuta izanen da, eta eskariak egiteko epea dagoeneko zabalik da.

Gehiago