Erreformen mehatxuak dirauen bitartean ELAk greba orokorraren aukerari eusten diola ziurtatu du
LAB sindikatuak greba orokorraren aukera zapuztu dela iragarri ondoren, Mitxel Lakunzak gidatzen duen sindikatuak grebarako prestutasuna adierazi du.
2021-ko abenduak 7
ELAk greba orokorra deitzeko aukerari eusten dio, aurrekoak indargabetuko ez dituen beste lan erreforma negoziatzen ari baitira. Une honetan, jokoan dagoena zera da: Euskal Herriko hitzarmenek lehentasuna izatea estatuko hitzarmenen gainetik. Tresna hori erabiltzen da Madrilen bizitza eta lan baldintzak prekarizatzeko, hain zuzen ere.
Lan erreforma negoziatzen ari dira Elkarrizketa Sozialerako Mahaia deitutakoan (Sanchezen Gobernuak, Espainiako sindikatuek eta CEOEk), eta, ondoren, Kongresuan bozkatu beharko da. Une horretan EAJren eta EH Bilduren botoak erabakigarriak izango dira.
Gainera, EAJk eta Bilduk pentsioen erreforma ahalbideratzeko hartutako erabakiaren ondoren, greba orokorraren aukera baztertzeak bi alderdiei presioa eta erantzukizuna kentzea dakar bereziki berehalako erreformei eta murrizketa sozialei begira. Horregatik, ELAk ez dio inolaz ere greba orokorrari uko egingo, testuinguru politiko honetan.
ELAk azpimarratu nahi du EAJrentzat eta EH Bildurentzat marra gorria izan beharko lukeela euskal hitzarmenen lehentasuna izatea Estatukoen gainetik, eta erreformaren aurkako botoa eman behar dutela, azken testuak puntu hori jasotzen ez badu.
Gogoratu behar da, gainera, Kongresuak lehen fasean onartu duela erretiro aurreratuetan epe laburreko murrizketak planteatzen dituen pentsioen erreforma, eta jasangarritasun faktorea ordezkatzen duen MEI berria ezartzea. Bigarren fasean erreforma gehiago ere iragarri dira.
Azkenik, ELAk uste du sindikatuen arteko eztabaida publikoak elikatu beharrean, presioa egiteko eta mobilizatzeko garaia dela, indarrean dauden erreformak baldintzatzeko.a