Epaiketara aurkeztu ez diren hiru gazteak atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu du epaileak

Gazte horien artean Aritz Azkona Iturramako gaztea aurkitzen da. 2007an A8 autobidearen trafikoa mozteagatik, gaur epaitu dituzte Saioa Zerain, Asier Alberdi, Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta. Ladron, Azkona eta Arizbanarretak uko egin diote epaituak izateari, "lege injustuetan oinarritutako epaiketa politikoa" dela argudiatuta. Hiruak atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu du epaileak.

2016-ko martxoak 2

Atxilotzeko eta espetxeratzeko arriskuan dagoen hiru gazteetako batekin, Ainara Ladronekin hitz egin du ARGIAk. Epailearen erabakiak sortu dien urduritasunez mintzatu da: “Gaur egun desobedientzia oso tresna eraginkorra da, estatuen izaera antidemokratikoa agerian utziz, indarrak biltzeko. Maila pertsonaleko ondorioak presente izanik ere, arazoa politikoa dela ezin dugu ahaztu. Beraz, askatasunaren bidean, lege injustuak gainditzeko gure borroka eta hautua ere kolektiboa izango dira. Jarrera desobedenteak esparru guztietara hedatzeko ekarpena da gurea.”

Hiru gazteak beren ohiko bizimoduarekin aurrera egitea erabaki dute eta, beraz, edozein unetan gerta litezke atxiloketak.

Espetxeratzea, “zigor” gisa
Gaur eguerdiko epaiketaren berri eman digu Saioa Zerain auzipetuak. Bost auzipetuak epailearen aurrean ez zirela ikustean, bertan behera utzi du epaiketak epaileak. “Beren nahia kartzelara joatea baldin bazen, bada lortu dute! Kartzelara joango dira”, izan dira epailearen hitzak egoera ikusita. Oso haserre eta zakar jokatu duela dio Zerainek. “Bostok batera epaitu nahi gaituzte kosta ala kosta, eta zigor gisara fiskalak eta epaileak espetxeratzeko agindua eman dute”. Izan ere, epailearen esku dago epaiketaren hurrengo data jartzea, eta horren arabera luzatuko litzeteke epaiketara aurkeztu ez diren hiru gazteen espetxealdia.

Epaiketa politiko honetan eta etor litezken guztietan, beren hautua desobedientzia dela berretsi du Zerainek. “A8 moztu genuen garaian bezala, orain ere bostok desobedientziaren bidea hautatu dugu, eta, berriz aukera suertatzean, ekimen desobedentea egingo dugu bostok batera”.

9 urteko prozesu judiziala 
Fiskalaren eskaera bina urteko espetxe zigorra da. Bederatzi urtez luzatu den prozesu judizialean, lau aldiz atzeratu diete epaiketaren data. Abenduaren 1ean egitekoa zen epaiketa, baina epaileak, jakinarazpenetan arazoak izan direla argudiatuta, martxoaren 2ra arte atzeratu zuten.
Ainara Ladronek –ez zuen epaiketan parte hartu– ondorengoa adierazi zuen atzerapenari buruz: “Gure bizitzarekin jolasten jarraitzen dute. Bederatzi urte luzez espetxe zigorraren mehatxua gainean izan dugu eta orain, beste behin ere, eta gezurra erabiliz, epaiketa atzeratu dute. Horrek berresten du gaur hartu dugun erabakia: fartsa horretan ez dugu parte hartuko”.

Asteazkeneko epaiketan Azkonak, Ariznabarretak eta Ladronek, asmo politikoak dituen epaiketa dela iritzita, berriz uko egingo diote Espainiako justiziak epaituak izateari.

Gehiago