Epaiketa politikoak salatzeko ekimenak eginen dira asteburu honetan

Basque Lives Matter kanpainaren barruan hainbat ekimen antolatu dituzte hurrengo egunetan, asteartean Auzitegi Nazionalean hastekoa den 8/2013 sumarioaren epaiketa salatzeko. Bederatzi lagun eseriko dira bertan, 9 eta 15 urte bitarteko espetxe eskaeraren mehatxua dutelarik. Fiskaltzak akordioa proposatu du baina AVTk eta DyJk ez dute onartu nahi eta epaiketa abiatuko da beraz.

2016-ko maiatzak 12

Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Roxika Iriarte dira astearteatik aurrera, hiru astez, Madrilen epaiketa politikoa jasango duten euskal herritarrak. Zigor eskaerak larriak dira: 9 eta 15 urteko espetxealdia. Segurako epaiketaren bidetik espetxe zigorrik eragingo ez lukeen akordioa erdiesteko aukera bertan zen, Fiskaltzak proposatu duelako, baina Hasier Arraizen kasuan gertatu den bezala AVTk eta Dignidad y Justiciak ez dute onartu nahi.

Aukera balitz, baliatzeko prest direla aipatu du prentsa aurrean Eneko Compainsek, auzipetuen eledun gisa aritu denak, nahiz eta argi duten «ez zela zilegia izango», auzi honek ezinbestean absoluzioa eta barkamen eskaera ekarri beharko lukeelako. Bitartean, harro eta ezer ezkutatzeko asmorik gabe abiatuko dira Madrileruntz.

Bide batez, galdera hauxe luzatu diote euskal jendarteari, jasan zituzten torturak gogoan dituztela: «Zeintzuk dira kausa honetan terroristak? Beren eskubide zibil eta politikoak baliatuz politika egiten zuten euskal herritarrak ala tortura basatiak eragin dituztenak? Nork eseri beharko luke akusatuen aulkian?».

Epaiketa abiatu aurretik, Libre ekimenaren bultzadaz salaketa eta elkartasun ekitaldiak egingo dira beren herrietan, baita beste hainbat tokitan ere. Lehena bihar, elkarretaratzea eta giza kate laranja Iruñeko Iturrama auzoan. Ostiralean Bilbon, larunbatean Leioan, Eibarren eta Etxarri Aranatzen, igandean Iralan eta Ezkaba mendian… mota guztietako ekimenak antolatu dituzte bederatzi lagun hauen alde. Nabarmentzekoa, agian, igande eguerdian Ezkaba mendiko gotorlekura Iruñetik egingo den martxa, toki oso esanguratsua baita.

Gehiago