Epaiketa amaituta, sententziaren zain geratu dira 50 auzipetuak

Alcala de Henareseko auzitegian izan da berrogeita hamar lagunen aurkako epaiketa. 2015eko epaiketa batean egindako ekimen sinboliko batengatik, desordena publikoa egotzi zieten, bost hilabeteko espetxi zigorra eskatuz bakoitzarentzat. Gaur eman dute amaitutzat epaiketa, eta sententziaren zain geratu dira.

2018-ko urtarrilak 9

2013.urtean sortu berri zen Ernai Gazte Antolakundeak Gazte Danbada antolatu zuen Urduñan. Ekitaldi nagusiaren egunean, Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Fiskaltzak eta AVT elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bina urteko kartzela eskatu zuten Ernaiko zazpi kiderentzat. Topatuko kidearentzat eta Periko Solabarriarentzat, berriz, urte eta erdikoa. Azkenean, ordea, azken honen aurkako karguak epaiketa hasi aurretik kendu zituzten.

2015.urteko maiatzean jarri zuen epaiketarako data Angela Murillo epaileak, Segi gazte antolakundearen aurkako makro-epaiketan aste batzuk lehenago talde terroristako kide izatea egotzita zazpi gazte espetxeratu zituen epaile berberak.

Epaiketa iristean, desobedientziaren aldeko hautua egin zuten epaituek ekimen sinboliko baten bidez. Zortzi akusatuak altxatu ziren, espetxeratuen argazkiak soinean zituztela eta herri harresi bat irudikatuz; publikoko kideek, berriz, gazteak babestu zituzten. Momentuko akusatuei zein publikoari, desordena delitua egotzi zieten.

Hiru urteren ostean, gaur izan dute epaiketa. Goizean goiz gerturatu dira epaituak Alcala de Henareseko epaitegira. Auzipetu guztiak izan dira deklaratzen lehenak. Publiko gisa zeudenek epaiketa hartan ez zutela txalotu eta ezer ez zekitela azaldu dute; auzipetuak zirenek berriz, herri harresia protesta sinboliko gisa egin zutela adierazi dute.

AVTko abokatu baten txanda izan da ostean: lekuko gisa deklaratu du. Publikoko jendea oihuka hasi zela esan du, aulki gainera igo ez ote ziren gaineratuz. Epaiketaren unean aretoan zeuden bi poliziek ere eman dute euren lekukotza, publikoa pixkat bat tiratu eta ondoren euren kabuz irten zirela azalduz.

Abokatuetako batek adierazi du ezin dela argudiatu publikoko kideetako bakoitzak txalotu zuenik; eta beraz, guztien absoluzioa eskatu dute defentsaren abokatuek, “eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik”. Fiskalak eskaerei eutsi die, bost hilabeteko espetxe zigorra bakoitzarendako.

Gehiago