Emakume pentsionistek azaroaren 30ean greba feministan parte hartzeko deia egin dute
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek Emakume Pentsiodunen III. Batzarra urriaren 20an burutuko dute zaintza eta pentsio duinak eta 1080€ ko gutxieneko pentsioak aldarrikatuz.
2023-ko urriak 14
6 urteko ibilbidearekin, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek datorren ostiralean batzarra eginen dute azaroaren 30ko Greba Feminista hizpide. Euren aldarrikapenak oso ezagunak dira: 1080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan eta gaur egun existitzen den genero arrakala desagerraraztea.
III. Batzar honetan, arreta jarriko dute zainketetan. “COVID 19aren ondoren, argi geratu zen zaintzetan eredua aldatu beharra zegoela, hainbat eta hainbat gabezia izan baitziren, batez ere egoitzetan, eta horrek ondorio mingarriak izan zituen egoiliarrengan eta haien senideengan”, adierazi dute.
“Urte asko daramatzagu eskatzen Zainketei emakumeek bakarrik ezin dietela eutsi, gizonek ere parte hartu behar dutela, bereziki, egiten ez dutenek. Zaintza ezin da emakumeen betebeharra izan”, salatu dute.
Zainketen eztabaida “oso presente dago gizartean”, eta emakume pentsiodunen mugimendu honetan ere. “Adinekoen populazioa handitzen ari baita, eta ez gara konformatzen orain arte egin denarekin bakarrik. Ildo horretatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeok Dekalogo bat egin dugu, III. Batzarrean eztabaidatuko dena, eta gizartean nahiz erakundeetan eztabaida pizteko balioko duena”.
Zaitzak “erakundeen konpromiso eta lehentasun soziala” izan behar direla adierazi dute, eta zentzu horretan azaroaren 30ean eginen den greba feminista orokorran parte hartzeko deia luzatu dute.