Elortzibarko ihauteriak, guztiz eraberrituak

Heldu den otsailaren 10ean Noain-Elortzibarrek ibarreko eragile askoren sormena eta bultzadari esker jaiotako inauteri berria estreinatuko du.

2018-ko otsailak 7

Gaurdaino, Noain-Elortzibarrek Nafarroako mendialdeko herrietatik hartutako landa eremuko inauterietako pertsonaiak bertan karrikaratuz ospatzen zuen inauteria eta ez zen bertako tradizio erroturik. Hala ere, 2018 honetan martxan jarriko den proiektu kolektibo zein zirraragarriarekin, hau aldatuko da.

“Etxe Zaharra” Noain-Elortzibarko Udaleko Kultur Patronatotik proiektu honetan aspalditik lanean dabiltza, bertako eragile eta auzokide zenbaitekin batera. Ideia ibarrekiko oso inplikazio altua duten bi pertsonetatik dator, Elortzibarrek inauteriko ohitura propioa izan zezan gogotsu zirenak. Tradizio hori existitu ezean sortu litekeela pentsatu zuten. Eta gauzatu ere. Zesar Armendarizek (Noaingo Gau Eskola) eta Alberto Domingok (Ardantzeta Dantza Taldea) lanari ekin zioten eta proiektu hau burutzeko ezinbertzekoak izan diren pertsona askok beraiekin bat egitea lortu zuten.

Inauteri berriari zentzua eman nahian, Txantxagain, XIX. mendean zonaldean biziko zen asmatutako pertsonaiaren inguruan gertatzen den istorio bat sortu dute. Andrikaingo Txantxo edo Txantxagain Elortzibarko herrietan barna ibiliko zen gizon eskuluze, edale eta bakartie, beti bere bandurria jotzen ibiliko zena eta ahal zuen guztia ebatsiko zuena izanen zen. Dena den, asmatutako istorio hau oinarri historiko erreal batetik abiatu da, Noain-Elortzibarko ondare ez-materialaren artxibategian ikertuta eta, ondorioz, istorioaren testuinguruan orduko ohiturak, harremanatzeko erak, janzkerak eta bizimoduak islatzen dira, nahiz eta, garaiko genero estereotipoak deuseztatzea bilatu den. Horrela, inauteriko pertsonaiak emakume zein gizonak izanen dira: mondongeroak, arotzak, sotolariak, gari-jotzaileak eta artzainak, generoaren arabera bereiztu gabe.

Larunbata honetan, hortaz, Noaingo herritarrak pertsonaia hauetaz mozorroturik karrikara aterako dira, XIX. mendeko Elortzibarko herritarren gisa eta, zenbait bolondresek egindako eta Diritambo Teatroko Marisa Serranok zuzendutako antzezpen baten laguntzaz, Txantxagainen bila abiatuko dira, txerrihiltzeko produktuak lapurtu dizkiela oharturik. Herriko karriketan barnako jarraipenaren ondotik herri epaiketa eginen da, hiltzea eta aske uztearen arteko erabakia hartuko delarik.

Garrantzitsutzat jotako bertze gai bat ibarreko herri zehatz batekiko loturak deuseztatzea izan da. Proiektu berri honen helburua Elortzibarko edozein herrik bere egin eta gauzatzea da, aurten martxa jarriko duen lehenengo herrian Noain izan arren.

Proiektu liluragarri hau ezagutarazteko asmoz, “EtxeZaharra” Kultur Patronatotik Noaingo San Migel Eskola Publikoan lantzeko Unitate Didaktikoak, istorioa eta pertsonaiak zein berauen janzkerak biltzen dituen liburuxka, Txantxagainen kopla edota istorioaren bideo-errekreazioaren loturak ere prestatu dira, euskaraz zein gazteleraz.

Gehiago