Elizondoko zahar etxetako erresidentzietako langileek “lan hitzarmen duin bat” lortu dutela ospatu dute
Elizondoko zahar etxeko langileek prentsaurrekoa eman dute gaur iragartzeko azkenean hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa lortu dutela, hainbat greba egun eta mobilizazio ugari egin ostean. Langile batzordeak aho batez onartu du akordioa.
2022-ko apirilak 5
8 eguneko greba eta herrian mobilizazio ugari egin ondoren, Elizondoko adineko zentroko langileek lortu dute hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa. Akordio honekin langileen bizi baldintzak hobetu egin dira. Zehaztu dutenez, soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa, gaixotasun arrunten bajak lehenengo egunetik kobratuko dira, aurrejubilazioa errelebo kontratuaren bidez txertatzea, lan egutegia adostuak, eszedentzietan hobekuntzak edota Nafarroarako sektoreko hitzarmena sinatuz gero jasotzen diren hobekuntza guztiak automatikoki aplikatzea, besteak beste.
“Ez da erraza izan honaino ailegatzea. Oztopo aunitz gainditu behar izan ditugu (covid egoera, inflazio handia, egungo nazioarteko ziurgabetasun-egoera…), baina, batez ere, enpresa bati egin behar izan diogu aurre, IDEA Zerbitzu Soziosanitarioak, batere enpatikoa ez dena, negoziatzeko inolako borondaterik izan ez duena, beti bere onura ekonomikoa lehenetsi duena… are gehiago Elizondoko egoitzatik gehienez 2 urteko epean atera beharko duela jakinda”, esan dute langileek.
Egindako borroka eta langileek erakutsitako batasuna goraipatu dute, eta Baztango eskualdean herritarren artean jasotako sostengua eskertu dute langileek.
Hala ere, azpimarratu nahi izan dute lan aunitz gelditzen dela “sektore honetako lan baldintzak duintzeko, ez enpresek ezta instituzioek ere ez baitute inolako aitortzarik egiten”. Baina onartu dute gaurko akordio honekin “apur bat aitortuagoak” sentitzen direla.
Akitzeko, gaurtik aurerra euren borroka Baztango udalak zahar etxea publifikatzeko hartutako konpromisoa blindatzera eta gauzatzera bideratuko dela iragarri dute. “Zuzeneko kontrol eta kudeaketa izango duen egoitza publiko baten beharra aldarrikatu nahi dugu. Gure aitatxi eta amatxiei zaintza zerbitzu egoki bat emateko, langileon lan-baldintza duinak bermatzea ezinbertzekoa da. Etekin ekonomikotik eta enpresa-logikatik kanpoko zaintza sistema behar dugu, egoiliarrak eta zaintzaileak zentroan jarriko dituena”, aipatu dute.