ELAk salatu du Sanchezek amore eman duela enpresa elektrikoen xantaiaren aurrean eta kontrol publikoa eskatu du
Sektorea kontrol publikoaren pean jartzea, energia merkatuaren logikatik ateratzea eta elektrizitatearen BEZa jaistea eskatu du ELAk, besteak beste, eta mobilizaziorako deia egin du.
2021-ko azaroak 3
ELAk salatu du argindarraren aferan “Pedro Sánchezen Gobernuak enpresa elektriko handien xantaiari men egin diola”. ELAren ustez, onartezina da egoera larri honetan enpresa elektriko handien neurrira egindako legeak onartzea.
Azken asteotan argindarraren prezioak hainbatean goia jo, eta eragin sozial handia izan du, bereziki ditu iturri urrienak dituztenei egiten baitie kalte. “Neurrigabeko prezioak energia enpresa handiak ezartzen dituzte, azken 25 urteotan Estatuko gobernuek eman dieten botereari esker”, salatu du ELAk. Gogoratu behar da sektorea guztiz pribatizatua izan zela. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak azpimarratu du onartezina dela politikariek ardurak bakarrik enpresengan jartzea: “sektore estrategikoak ezin dira xantaiagileen esku egon”.
Egoera jasangaitza bihurtu da baina, hala ere, Espainiako Gobernuak, orain arte bezala, “enpresa handien interesak defendatzen jarraitzen” duela deitoratu du ELAk. Urriaren 26an onartu den Dekretuak bertan behera utzi ditu aurretik Sanchezen gobernuak -irailaren 14ko Dekretuan- enpresa elektriko handien irabaziak mugatzeko hartu zituen neurriak; irabaziak 2.600 milioitan gutxitzea erabaki zuen. ELAren ustez, erabaki hori partziala izan zen, denbora baterako soilik mugatzen baitzituen irabaziak, eta nahikoa ez zela salatu zuen sindikatuak.
“Neurri horien aurrean, enpresa elektriko handiek izan duten jarrera xantaia hutsa izan da, eta azkenean, helburua lortu dute: Sanchezen gobernuak atzera egin, eta Dekretuarekin ezinezkoa izango da irabaziak mugatzea; baldintza oso konkretuak dituztenek soilik izango dute onura hori. Beraz, Sanchezen gobernuak enpresa elektrikoen presioen aurrean, betikoen alde egin du”, dio ELAk.
Elektrizitatearen prezioaren igoerari mug jartzeko, ELAk hainbat neurri proposatu ditu. Besteak beste, energia sektorearen publifikazioa, energiarako eskubidea oinarrizko eskubide unibertsal gisa aitortzea, elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea eta konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea. Bestetik, eskatu du %21eko BEZa behin betiko jaistea, oinarrizko behar baten mailara, eta energia merkatu logika guztietatik kanpo geratzea, eskuragarria izatea eta berriztagarrietan oinarritutako sistema garatzea.