ELAk Nafarroako Euskara Legea aldatzeko proposamena kaleratu du
Udako Euskal Unibertsitatean ezagutzera emango ditu talde parlamentarioei luzaturiko neurri zehatzak, legea aldatzeko gehiengo bat lortzearen ahaleginean.
2018-ko irailak 26
ELA sindikatuak Nafarroako Euskara Legea aldatzeko egindako proposamenean egungo legea aldatu, ofizialtasuna eskatu eta neurri zehatzak proposatzen ditu, “egun indarrean dagoen lege murriztailea eta bidegabea denboraren poderioz gaindituta geratu delako”. ELAk bere dokumentua aurkeztuko du larunbat honetan Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egingo duen jardunaldian (“Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean”, Kondestable jauregian, goizeko 12etan).
“Nafarroan ordezkapen prozesua oso aurreratuta dago, hizkuntza gutxitu egoerara ekarri duten hizkuntza politika uniformizatzaileen ezarpenaren ondorioz. Euskara nafar guztion ondarea da, euskaldun izan edo ez. Guztion ondare delarik, guztion eskura behar du izan, euskara erabiltzeko eskubideak orokorki onartua behar du izan, eta inork ez lioke bere erabilerari mugarik jarri behar, gazteleraren erabilerari mugarik jartzen ez zaion aldi berean”, dio ELA sindikatuak kaleratutako txostenean.
Sindikaturentzat egungo egoera “onartezina da”, eta ezin da “Nafarroa eremutan zatitu, zatiketa eskubide berdintasunaren aurka baitoa”. ELAren esanetan euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan, “nafar guztien eskubideak berma daitezen”. Ofizialtasunaren bidean proposamen zehatzak egiten ditu ELAk, batez ere Administrazioa eta Hezkuntzari begira. Horrela, “Administrazioak euskaraz bizitzeko aukera ahalbidetu behar du, eta herritarrak euskaraz hartzea bermatzeko “Administrazioak baliabide gehiago beharko lituzke, baita horretarako bere burua gaitu ere”. Hezkuntzan, ofizialtasunarekin batera, gutxieneko euskararen ezagutza bermatu beharko da ELAren ustez. Sindikatuak proposatzen du G eredua -PAI programarekin batera- desagerraraztea, eta A eredua gutxieneko eredu bezala ezartzea Nafarroa osoan. ELA ere jakitun da baliabideak “Nafarroan ematen den errealitate ezberdinetara egokitu” beharko direla ezinbestean.
ELAk laukotea osatzen duten taldeei Euskararen Legea alda dezaten “ahalik eta epe motzenean” eskatzen die.