ELAk lan istripuen aurkako benetako neurriak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari
2024-ko urriak 22
ELAk Nafarroako Gobernuaren parean elkarretaratzea egin du, lan istripuen aurkako benetako neurriak eskatzeko, izan ere, Lizarran izandako istripuarekin, aurten 17 pertsona hil dira Nafarroan lan istripuz, 5 hilabeteko epean.
ELA sindikatuak salatu du, enpresei sistematikoki urratzen duten prebentzio araudia betearazi beharrean, Nafarroako Gobernuak siniestralitatearen ardura langileengan jartzen duten “informazio kanpainak” egiten dituela. Eta, ezbeharren aurka, baliabide gehiago izateko, Nafarroako aurrekontua handitzeko eskatu du. Izan ere, ostiralean, urriak 18, Lamaison enpresako 56 urteko langile bat hil zen Lizarrako Agralco S.Coop. enpresan izandako leherketa batean, mantentze lanak egiten ari zela. Hiru egun lehenago, urriaren 15ean, Telefonica-Movistar enpresaren azpikontratazio katean bigarren enpresarentzat lan egiten zuen 28 urteko langile bat hil zen, 8 metroko altueratik erorita. Urriaren 7an, 29 urteko langile bat hil zen Funeseko Elaborados Naturales de la Ribera enpresan, makina batean harrapatuta. Irailaren 26an 56 urteko garraiolari bat hil zen Lodosan izandako istripu batean. Eta irailaren 16an 42 urteko langile bat hil zen Irunberrin aldamio batetik erorita.
2024an, 17 pertsona hil dira euren lanpostuetan Nafarroan, horietako 5 hilabeteko epean. “Nafarroak lehen postuan jarraitzen du laneko ezbeharretan, etengabe hazten eta markak hausten ari diren tasekin azken urteetan” azaldu dute ELA sindikatutik. Eta, gainera, oinarrizko neurriekin saihestu zitezkeen heriotzak direla adierazi dute: “Erorikoak eta harrapaketak dira, oraindik ere, laneko heriotzen arrazoi nagusietako bat, eta, gainera, datu ofizialen arabera, lanean hildako edo zauritu larrien erdiak segurtasun neurririk ez egoteagatik gertatzen dira”. Egoera honen atzean enpresen eta patronalaren zigorgabetasuna dagoela salatu du sindikatuak, 30 urte baitaramatzate prebentzio araudia sistematikoki urratzen. Eta hori, Nafarroako Gobernuaren konplizitateagatik gertatzen dela adierazi dute, legea betearazi beharrean, laneko istripuen ardura langileen bizkar jartzen duten “informazio kanpainak” eginez.
Horregatik, ELAk, 2025eko aurrekontuak negoziatzen ari diren alderdi politikoei eskatu die Prebentziorako Lurralde Ordezkariaren figura ez-eraginkorra finantzatzeari uzteko, eta Nafarroako lantokietan gertatzen ari diren araudiaren urraketak kontrolatzeko neurri zehatzak ahalbidetzeko, besteak beste, lan ikuskaritzako plantilla hirukoiztea.