ELAk Koronabirusak sortutako krisiaren aurrean “Benetako irteera bat” dokumentuan bildu du bere proposamen politikoa

ELA sindikatuak Koronabirusak sortutako egoeraren aurrean benetako aldaketak bultzatu behar direla dio, eta abagune honetatik irteteko dituen proposamenak 'Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa' izeneko dokumentuan bildu ditu.

2020-ko maiatzak 15

Onintza Irureta eta Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariek gidatutako zuzeneko emanaldi batean aurkeztu zuen ELAk ‘Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa’ dokumentua. ELAren izenean Mitxel Lakuntza -idazkari nagusiak-, Mikel Noval -gizarte politiken arduradunak- eta Maialen Aranburu -ekintza sozialeko arduradunak- hartu zuten parte dokumentu honen nondik norakoak azaltzeko.

ELAk baieztatu duenez, Covid-19ak eragindako mundu mailako krisia historian sekula ezagutu gabeko astindua izan da. “Sorreran birus batek sortutako osasun krisi bat zena egungo sistema guztia astindu du goitik behera. Pandemia honek dagoeneko kinka larrian zegoen mundua ulertzeko modu bat kolpatu du. Baina ELA sinetsia dago krisi honek irtenbidea izan baduela, eta irteera honek oinarri bat duela; paradigma nagusia zalantzan jarri eta errotik eraldatu”, dio sindikatuak. Gauzak horrela, ELAk abagune honetatik irteteko dituen proposamenak ‘Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa’ izeneko dokumentuan bildu ditu. Sindikatuarentzat berebiziko garrantzia du bere proposamenak gizarte osoan zabaltzea, eta horregatik, atzo egindako emanaldiaz aparte, maiatzaren 19an beste saio bat eginen du Irantzu Varela eta Jonathan Martinez kazetarien eskutik, kasu honetan gazteleraz.

Gehiago