ELAk eta LABek salatu dute CCOO eta UGTk gutxienekoak betetzen ez dituen osteleritza hitzarmena sinatu dutela

ELA eta LAB sindikatuek salatu dute UGTk, CCOOk eta Ostalaritzako patronaletako batek hitzarmen akordio bat lortu dutela, baina ez dituela betetzen uztailaren 1eko eta 7ko grebek zituzten aldarrikapenak: KPIaren bermea, lanaldi partzialen erregulazioa eta atsedenaldi eta oporren hobekuntzak.

2023-ko ekainak 23

Ostalaritzako sektorearen grebaren aurreko egunean CCOO eta UGTk Ostalaritzako patronalarekin hitzarmen akordio bat sinatu dute. ELA eta LAB sindikatuek ordea salatu dute hitzarmen hori langileen prekarietatea areagotzen duela, izan ere hitzarmen sindikalean adostutako gutxienekoak ez ditu betetzen: “Itundutako soldata-igoerek EZ dute KPIa bermatzen; izan ere, muga bat jartzen dute, eta muga hori gainditzen badute, ez dira igoko; hau da, hurrengo 4 urteetan KPIak % 17 gainditzen badu, soldatak ez dira igoera horietara iritsiko (kontuan izan behar da bi urteetan KPIa % 12 baino gehiago igo dela, eta, beraz, ez da burugabea lau urtetan % 17 gainditzea). Gainera, ez dituzte 2022ko atzerapen guztiak ordainduko, tabernak, jatetxeak eta hotelak % 100ean egon diren urtea izan arren”.

Zabaldutako oharrean adierazi duenez, LABentzat larriena da lanaldi partzialek deserregularizazio berarekin jarraituko dutela eta soldatez gain, sektore honen ezaugarria da langile gehienek benetan egiten dituzten orduak baino askoz lanaldi txikiagoko kontratuak dituztela.

LAB eta ELAk diote garrantzitsua dela gehiengo sindikala lortzea, baina argi utzi dute langileen baldintzak bermatzen ez dituen akordio hau ez dutela sinatuko.

Gehiago