ELAk dio Nafarroako Gobernuak euskara gutxiesten duela onartu nahi duen dekretuarekin
Dekretu berriak euskara eremu ez-euskaldunean eta eremu mistoan baloratzea baztertzen duela dio sindikatuak, izan ere, Nafarroako Gobernuak proposatutako dekretuan euskara lanpostu publiko gutxietan kontuan hartuko da, ingelesa, frantsesa eta alemaniarraren atzetik hainbat kasuetan.
2022-ko urtarrilak 29
Legegintzaldiko bi urte eta erdi baino gehiagoren ondoren, Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek gaur egindako Mahai Orokorrean, Remirez kontseilariak Administrazioan euskararen erabilerari buruzko Dekretuaren zirriborroa aurkeztu du.
Testuaren literaltasunaren arabera, Administrazioan sartzeko deialdietan, euskara ez da merezimendu gisa zenbatuko eremu ez-euskaldunean, eta eremu mistoan lanpostu jakin batzuetan baino ez da zenbatuko. ELAren ustez, euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, Foru Erkidego osoan hartu behar da kontuan. Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak.
Kontseilariak UPNren eta CDNren gobernuak onartutako 2009ko Dekretua aipatu du zirriborro hau egiteko oinarri gisa, uste baitu testu horrek euskararen balorazio zuzena jasotzen zuela. Bada, dekretu horretan, oro har, eremu mistoan euskara jakitea aitortzen zen, eta, gainera, Dekretuak zerrendatzen zituen lanpostuetarako balorazio kualifikatua zegoen. Gaur aurkeztutako idazketan, ordea, ezabatu egin da eremu mistoaren balorazio orokorra, eta lanpostu batzuetan baino ez da meritutzat hartuko. Hau da, Nafarroako eskuinak onartutako 2009ko Dekretua bera ere dekretu berriak baino onespen eskuzabalago batetik abiatzen zen eremu mistoan.
Gainera, dekretu horrek ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, hau da, Foru Komunitate osoa jardun-eremutzat duten eta 2017ko Dekretuak modu bereizian arautzen zituen zerbitzuak. Kenduz gero, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera.
Ondorioz, ELAren ustez, dekretu berri hau atzerapausoa da euskararen erabileraren normalizazioan. Era berean, ELAk Euskararen 18/1986 Legea indargabetzeko eskakizuna berretsi du. Lege hori kontseilariak aldarrikatu du, baina Gobernuak berak ez du betetzen, Legeak Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio euskara den “altxorra” gorde dezala eta haren “galera “ekidin dezala.