ELAk adinekoen egoitzak, garbiketako azpikontrata publikoak eta itundutako osasuna publifikatzea exijitu du
Mitxel Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdetu die ea "txalo egiteaz haratag"o, neurriak hartuko ote dituzten koronabirusaren aurrean funtsezkoak izan diren sektoreen balioa aitortzeko.
2020-ko apirilak 18
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, “Covid-19aren krisiak erakutsi du zeintzuk diren gizarte batek funtzionatzeko funtsezko sektoreak. Ildo beretik, agerian utzi du bertan lan egiten duten pertsonek prekarietate handiena pairatzen dutela”. Hori dela eta, ELAk datozen asteetan sindikatuaren ekintza gidatuko duten neurri sorta bat aurkeztu du. Lakuntzak azpimarratu du egoera honek argi utzi duela ezinbestekoa dela gaur egun pribatizatuta edo azpikontratatuta dauden bokazio publikoko zerbitzu asko publifikatzea.
Hala, ELAk plan bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroak zaintza-sektoreak publiko bihur ditzaten: adinekoen egoitzak, eguneko zentroak, dibertsitate funtzionala duten pertsonen etxeak eta elkarteak, adingabeen pisuak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, beti ere, langileen subrogazioa eta finkapena bermatuz.
Era berean, ELAk premiazkotzat jotzen du osasuna desmerkantilizatzea. Horretarako, dio, ezinbestekoa da “gure osasuna zaintzen duten milaka behin-behineko langile kontsolidatzera” (heren bat baino gehiago aldi baterakoak dira orain), baita osasun publikoarekin itundutako zerbitzuak publiko egitea ere, langileak sendotuz.
Funtsezko beste sektore bat garbitasunarena da, eta hori oinarrizkoa izan da krisi honetan. Hala eta guztiz ere, langileek generoko soldata-arrakala handienak dituzte, baita egiturazko prekaritatea ere. Hori dela eta, Administrazioarentzat lan egiten duten azpikontratak publiko egitea edo sektore pribatuan lan egiten badute, enpresa nagusietan integratzea eskatu du ELAk.
Bestalde, elikaduraren sektorea funtsezko beste zerbitzu bat izaten ari da, eta bertako langileek presio handia jasaten dute kate handien aldetik, osasun-arrisku handiez gain. Horregatik, ELAk 500 euroko ordainsari gehigarria eskatzen du hilero, aldi horretako lan-karga handiak konpentsatzeko, %25eko egiturazko soldata-igoera soldata-arrakala amaitzeko eta lanaldia 1.592 ordura murrizteko, besteak beste.
Anbulantziena ere bada funtsezko beste sektore bat; izan ere, anbulantzietako langileek euren osasuna arriskuan ikusten dute maiz, pribatizazioaren ondorio txarrenak pairatzeaz gain. Horregatik, ELAk publiko egin arte lanean jarraituko du, langile guztien subrogazioa eta finkapena bermatu dadin (langile publikoen baldintzekin parekatuz).
Gauzak horrela, Mitxel Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdetu die ea “txalo zaparradan hutsera mugatuko ote diren edo Covid-19aren aurrean funtsezkoak izan diren sektoreen balioa aitortzeko neurriak hartuko dituzten”.