ELAk 125.000 euro eskatu dizkio Sephorari 2020ko greban askatasun sindikala urratzeagatik

ELAk Sephora epaitegira eraman du, langileek beren lan-baldintzak hobetzeko egin zuten greban oinarrizko eskubideen aurka egiteagatik. Denda kate honetan, sindikatuko hainbat afiliatu zigortu eta kaleratu zituen.

2022-ko martxoak 9

2020ko otsailean, Sephora enpresako Iruñeko dendatako langileek greba hasi zuten, beren lan-baldintzak hobetzeko. Etekin handiak dituen eta lan-baldintza prekarioak aplikatzen dituen enpresa da; “1.000 euroko kremak saltzen ditugu eta 900 euro irabazten ditugu” zioten grebalariek. Greba horretan enpresak izan zuen jarrera negoziazioaren aurkakoa izan zen, eta oso bortitza grebalarien aurka.

Atzo, martxoak 8, Sephora enpresak greba horretan ELAren askatasun sindikala urratzeagatik egindako epaiketa egin zen Lan Arloko 2. Epaitegian. Besteak beste, enpresa demandatuak ELAren 2 ordezkariak zigortu eta kaleratu zituen, jarduera sindikala eragotziz eta grebarako oinarrizko eskubidea urratuz. Horregatik, sindikatuak 125.000 euroko kalte-ordaina eskatu dio epaitegian Sephora enpresari.

2020an greba egin zutenak emakumeak izan ziren. Emakume horien lan-baldintzak eta, beraz, bizi-baldintzak hobetzeko greba izan zen. Greba feminista izan zen, eta borroka hori epaitegian ematen ari da oraindik. ELAk mezua bidali nahi du: ez ditu enpresen gehiegikeriak onartzen, eta gehiegikeriak oso garesti atera dakizkieke.

Gehiago