ELA eta LAB sindikatuek lan erreforma indargabetzeko UP eta EH Bildurekin lortutako akordioa betetzea exijitu diote PSOEri

ELAk azken lan-erreformak berehala indargabetzea eskatu du, eta ez bakarrik 2012ko PPrena. Hala ere, ELAren ustez, PSOEk, UPk eta EH Bilduk sinatutakoa betetzea albiste handia litzateke, baina Pedro Sanchezen alderdiaren bilakaera txarrak aurrerapauso gutxi iragartzen dituela pentsatzen du. LABek, bere aldetik, lan erreforma osoki derogatzeko akordioa betetzeko exijitu eta borrokatuko duela iragarri du.

2020-ko maiatzak 21

ELA sindikatuak Zapateroren (2010-11) eta Rajoyren (2012) Gobernuek ezarritako azken lan-erreformak berehala indargabetzea eskatu du, eta ez azken hori bakarrik, PSOEk, Unidos Podemosek eta EH Bilduk atzo Madrilen sinatutako akordioak dioen bezala. Nolanahi ere, ELAk albiste handitzat joko luke atzo sinatutakoaren literaltasuna betetzea eta garatzea, nahiz eta PSOEren berehalako erreakzioak eta egoera askotan duen sinesgarritasun faltak aurrerapen gutxi iragartzen dituen; oso litekeena da testu hori ia puntu bakar batean ere ez aplikatzea.

“Lanpostuak suntsitzea eta lan-baldintzak murriztea dakarten lan-erreformak bertan behera utzi ezean, gainean dugun krisi ekonomiko hau sarraski bat izan daiteke enplegu eta lan-baldintzentzat. PSOEri hitza betetzea exijitzen diogu, langileen aurkako neurrien konplize izan ez dadin”, esan du Mitxel Lakuntzak zuzentzen duen sindikatuak.

Legedi horrek bi helburu zeuzkan ELAren esanetan: enpresek lanpostuak azkar eta merke suntsitu ahal izatea eta, era berean, enpresei lan-baldintzak murrizteko erraztasunak ematea. Atzo EH-Bildu, PSOE eta Podemos alderdien artean lortutako akordioa “oso garrantzitsua” litzateke zentzu horretan “hala gauzatuko balitz”, baina PSOEren erreakzioa ikusita, mesfidantza da nagusi. “PSOEk berriz ere emandako hitza bertan behera utzi du, langileen
beharrak ez direlako beren lehentasuna. ELAk berriro exijitu nahi dio PSOEri hitza bete dezan, hala egin ezean bere ardura izango baita langileek hurrengo hilabeteetan pairatuko duten enplegu suntsiketa eta lan baldintzen murrizketa”.

2012ko lan erreformaz gain, 2010 eta 2011koak ere bertan behera uztea eskatu du ELAk. ELAren ustez, besteak beste, hurrengo gaiak berehala aldatu behar dira: Langileen kaleratze indibidualak edo ERE bitartez langileak kolektikboki kaleratzeak berrikustea enplegua eta enpresen jarduera mantenduko duen legedi baten alde eta lan-baldintzak murrizteko ezarritako neurri guztiak bertan-behera uztea, bereziki negoziazio kolektiboaren estruktura berrikustea, Estatuko hitzarmenek lehentasuna izatea ekiditeko eta enpresetan sektoreko hitzarmenak okertzeko aukera izan ez dezaten.

LAB: “Patronala, botere ekonomikoa eta eskuineko alderdiak presioa egingo dute akordio hau zapuzteko”
PSOE, Podemos eta EH Bildu alderdiek lan erreforma osoki derogatzeko lortutako akordioa langile klasearen garaipen bat bezala ulertzen du sindikatuak. “Lan-erreforma euskal langileon lan baldintzak okertzeko tresna nagusietako bat izan da azken zortzi urteetan. 2012an gehiengo sindikalak Greba Orokorra deitu zuen haren kontra eta gerora, estatu osoko sindikalgintza batu zen greba horretara. Geroztik asko borrokatu gara lan erreformak Euskal Herriko hitzarmenetan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinaren alde egindako Greba Orokorraren aldarrikapen taularen puntuetako bat ere bazen lan erreformaren derogazioa”, gogoratu du sindikatuak.

Euskal langileria bizi duen lan prekarietatearekin amaitzeko hartu beharreko erabaki bat dela azpimarratu du sindikatu abertzaleak, “euskal langilegoak eskertzen duena”. Ildo horretan, eta lan kontuak Euskal Herrian erabakitzeko burujabetzaren aldarrikapenarekin batera, LABek dio atzoko akordioa, hau da lan erreforma osoki derogatzea, betetzeko borrokatuko duela, eta Estatu eta Euskal Herriko patronala, botere ekonomikoa eta eskuineko alderdien jarreraz ohartarazi du, ziurtzat jotzen duelako “presioa egingo dutela akordio hau zapuzteko”. Estatuko Gobernua eta hau osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos dira “akordioa gauzatu behar dutenak”, eta LABetik exijitzen diete “adostutakoa betetzea eta lan erreforma osoki bertan behera uztea”.

Horrekin batera, Zapateroren Gobernuak 2010ean onartutako negoziazio kolektiboaren erreformaren derogazioa ere aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dutela iragarri dute “honek bidea ireki baitzion estatuko lan hitzarmenek Hego Euskal Herrikoen aurretik lehentasuna izateko aukerari”.

Gehiago