Ekimen geihago epaiketa politikoak salatzeko eta laranjaz blaitzen jarraitzeko
Iruñerrian mobilizazioek jarraitzen duten bitartean, beste 35 euskal herritarren aurkako epaiketa berri bat iragarri dute. Prozedura horretan 6 nafar daude.
2014-ko azaroak 12
Atzo eman zuten ezagutzera militante politikoen kontrako hurrengo epaiketa. Urtarrilaren 12tik aurrera 35 lagun epaituko dituzte Entzutegi Nazionalean Batasunako kide izatea leporatuta, tartean sei nafar: Jon Garay, Pernando Barrena, Arantza Santesteban, Patxi Urrutia, Gorka Etxeberria eta Juan Jose Petrikorena. Salbuespenezko epaitegiak zortzi saio zehaztu ditu urtarrilean – 12, 13, 14, 19, 20, 21, 29 eta 30ean- nahiz eta gehiago izan daitezkeen.
Aurreko larunbateko manifestazioan esan zuten bezala, asteotan inputatutako pertsonak babesteko eta espetxeratuak izan daitezen galarazteko "pausu garrantzitsuak" ari dira ematen, "baino lanean jarraitu beharra dugu eta etorriko diren epaiketen aurrean prest egon beharra dugu", adierazi zuten. "Alderdi Popularrak eta Entzutegi Nazionaleko epaileek euren esku dagoen guztia eginen dute inputatuak -41 Nafarroan- zigortu eta espetxeratzeko baina gu ez gaude inolaz ere prest espetxeratze aginduen zain egoteko: edozein zigor bideraezin bihurtuko duen herri harresia eraiki nahi dugu", gogoratu dute gaur Iruñerriko Herri Harresiak zabaldutako oharrean.
Helburu honekin, hainbat jarduera eta mobilizazio burutuko dira Iruñerrian egunotan. Azaroaren 18an, astelehenarekin, Iruñerriko Herri Harresiaren batzarra 18:00etan Zabaldin. Azaroaren 20an, asteazkenarekin, hitzaldia Zabaldin (19.30). “Inkomunikazioaren eta torturaren ondorioak gainditu daitezke”. Jeannete Ruiz eta Ainara Iraizoz psikologoa eta torturak salatu zituen Gorka Zabala auziperatuarekin. Azaroaren 22an, larunbatarekin, txirrindula martxa Donibane auzoan. 12etan abiatuko da Asunzion plazatik. 13etan ekitaldia eginen dute Azueloko Monastegiaren plazan. Bestetik, azaroaren 23an, igandearekin, manifestazioa egingo dute Txantrean. 17:30ean Sabikas plazatik abiatuko da “Por el derecho a hacer política en libertad: Izaskun, Ander, Arantza eta auziperatu guztiak libre” lelopean.
Ohar hau probestuz, larunbateko manifestazioan "erakutsitako garra, irudimena, rollo ona, elkartasuna eta konpromisoa" eskertu nahi izan dute Iruñerriko Herri Harresien ekimenatik. "Larunbatean ekimen garrantzitsua burutu genuen eta bide horri eutsiko diogu: geure burua eta geroz eta jende gehiagorena laranjaz blaituz inputatu ororen askatasuna lortu arte".