Ekainaren 10eko ‘Sorionekuak’ mobilizazio herritarrarekin bat egin eta Iruñeko kaleak betetzera deitu du Kontseiluak
‘Sorionekuak, euskara nafar guztiona’ ekimenak egun osoko egitaraua prestatu du datorren ekainaren 10rako, eta 17:30ean manifestazioa abiatuko da Antoniuttitik. Euskaraz bizi nahi dutenek egunerokoan aurkitzen dituzten hamaika trabekin bukatzeko, zonifikazioari amaiera eman behar zaiola aldarrikatu du Kontseiluak .
2023-ko maiatzak 31
Iragan urtarrilaren 14an Nafarroako gizarteko hainbat arlotan ezagun diren 19 lagunek ‘Sorionekuak, euskara nafar guztiona’ ekimena plazaratu zuten, ekainaren 10ean mobilizazio herritar batera deituz Iruñean. Deitzaileek egun osoko egitaraua antolatu dute, Iruñea «ospakizun erraldoi» bihurtzeko gogoz. Eguneko ekintza garrantzitsuena 17:30ean Antoniutti Parketik abiatuko den manifestazioa izanen da.
Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluak ekimenari atxikimendua eman dio, eta dei egiten du ekainaren 10ean Iruñean eginen den mobilizazio herritarren parte hartzera eta hiriburuko kaleak betetzera.
Egunerokoan euskaraz bizitzeko oztopo nagusia zonifikazioa dela ondorioztatu eta gero, “ardura politikoa” exijitzeko garaia dela nabarmendu zuten deitzaileek euren manifestuan. Ildo beretik, Kontseiluak azpimarratu du euskararen ofizialtasuna dela nafar guztien berdintasuna bermatuko duen giltza, “inori eskubideak kendu baino, ez dituenari aitortzen dizkiolako”.
Ekainaren 10ean Iruñean euskararen aldeko izanen den mobilizazio herritar honetan kezka eta salaketa adierazteaz gain, “euskara bizitzeko eta gozatzeko” nabarmendu nahi dute, eta euskara “etorkizuna dela” azpimarratu ere bai. “Euskara ez delako inork hona ekarritako zerbait, galde diezaietela bestela Irulegiko bizilagunei”.