EHNEren ustez Aroztegiak “azkar aberastu nahi duten pertsona gutxi batzuen interes espekulatiboei” erantzun die

Baztango Lekaroz herrian eraiki nahi duten hirigintza-proiektuaren aurka azaldu da EHNE sindikatua, eta gelditzeko eskaria egiten du.

2021-ko apirilak 15

EHNE-Nafarroa, Baztango Lekaroz herriko lurretan egin nahi den hirigintza-proiektu espekulatzailearen aurka agertu da. Bertan, gaur egun 340 biztanle inguru bizi diren herri batean, luxuzko hotel bat, golf zelai bat eta 228 etxebizitza berri eraiki nahian dabiltza. Era berean, gure sindikatuak, orain dela gutxi epaitegiak hartutako erabakiaren ondorioz legez kanpokoak diren obrak hastea eragozteko, Baztango herritarrak egiten ari diren borrokarekin, bat egiten du.

Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak 2019ko uztailaren 23an, esleipen prozedurarekin jarraitzea ezinezkotzat jo zuela, gogoratu behar da. Erabaki hau, proiektuaren sustatzaileek behin eta berriz urratu dute, eta gainera, arrokeriaz aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute. Gero gerokoak etorriko direlakoan, lanei hasiera ematen tematu dira, beraz Foru Gobernuak, lan hauek berehala geldiarazi beharko lituzke. Are gehiago kontuan hartuta Vianako Printzea erakundearen menpeko Nafarroako Ondasun Departamentuak, hotelaren proiektuaren aurkako txostena egin zuela, araudia betetzen ez zuelako. Hau gutxi balitz, Baztango Udalak, Lekarozko herriak eskatuta, ermitaren jabetzari buruzko eskari bat irabazi die ekimen espekulatibo honen sustatzaileei.

Etxebizitza zein jolas leku horiek eraikitzeak, eskualdeko sektore garrantzitsuenetako bat den nekazaritzarako lursailen galera handia dakar. Bide honetatik, erosteko ahalmen handia duten herritarren gozamenerako, Baztan, hirigintza espekulaziorako eremu bihurtuko dute.

EHNE-Nafarroak, landa-garapen orekatu batekiko, ingurunearekiko, kulturarekiko, zein hizkuntzarekiko eta azken finean izate jakin batekiko errespetuaren guztiz kontrakotzat jotzen dituen, era horretako esku-hartzeak salatu nahi ditu. Ez da kontuan hartu, ez auzotarren borondatea, herri-bozketa baten bidez proiektu honen aurkako jarrera irmoa adierazi baitzuten, ezta toki-erakundeena ere, hartutako erabakiak ez baitira entzun, eta guztiei muzin eginez, Udalaz Gaindiko Eragina duen Plan Sektorial bat inposatu da. Beraz plan hau baliogabetu eta obra geldi dezaten eskatzen dugu.

Bistakoa da hau ez dela eskualdearen eta Nafarroaren onura kolektiborako bultzaturiko ekimen bat, baizik eta azkar aberastu nahi duten pertsona gutxi batzuen interes espekulatiboei soilik erantzuten duen ekimena.

Gehiago