EHEko 3 kideek Euskarabidean itxialdia utzi ondoren Nafarroako Gobernuarekin bildu dira

Ana Ollo kontseliarekin bildu dira eta Nafar Gobernuak Mozal Legearen aurkako adierazpen-proposamen bat egin dezala eskatu diote. Ollok euren eskaria bideratzeko konpromezua hartu du.

2017-ko maiatzak 4

Gaur goizean Nafar Gobernuko Kontseilari Ana Ollorekin hitzordua adostu ondoren itxialdia bertan behera uztea erabaki dute EHEko 3 kideek eta berarekin bildu izan dira eguerdian. Ana Ollok euskaltzale hauen isunaren expedientea espainiar gobernu delegaritzaren izenean dagoela eta, beraz, ez duela konponbiderik Nafarroako Gobernuak ez baitu horretan esku-hartzerik adierazi die, eta bestetik Nafarroako Gobernua hainbatetan azaldu dela Mozal legearen kontra ere azpimarratu nahi izan du.

Euskal Herrian Euskaraz taldeko 3 kideek, honen aurrean, Nafar Gobernuak “ez du arazorik Mozal legeari bide emateko” salatu dute, eta “euskaldun gisa bizi ezinagatik eta egoera hau salatzeagatik zigortzen gaituztelako” agerian utzi dute.

Hala eta guztiz ere, adierazpen-proposamen bat egin diote Ollo kontseilariari, Nafarroko Gobernuak eztabaidatu eta bere egin dezan. Idatzi horretan Nafarroako Gobernuak abenduaren 14an euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz parlamentuan protesta egin zuten hiru pertsonei babesa adieraztea proposatzen da , eta hauei jarritako isunak indargabetu ditzan eskatzen dio espainiar gobernuari. Testuak horrela jarraitzan du: “Eskubide urraketen ondorioz eman daitezkeen aldarrikapen ekintza desobedienteen aurrean ez dugu Mozal legearen aplikapena ekar lezakeen ekinbiderik aurrera eramango.”

Euskaltzaleek adierazi dute “arretaz” jarraituko dutela proposamen horren garapena, eta bien bitartean, “euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen lege berri baten aldeko lana” berretsi eta horren aldeko norbanakoen aktibazioa eta dinamika kolektiboak ezinbestekotzat jo dute. “Nor bere txikitasunetik su txikiak pizteko garaia da inoren zain egon gabe”, esan dute.

Gehiago