Egunero 4 ordu eta erdi errepidean ikasten jarraitu ahal izateko, Pirineoetako ikasleen ohiko kontua

Garraldako eskolan Bigarren Hezkuntza amaitu duten ikasleek eskualdea utzi behar ez izateko irtenbide bat eskatu dute familiek. Hezkuntza departamentuak eskaintzen diena ez zaie egokia iruditzen: bataz beste, lau ordu eta erdiko bidaia egin beharko lukete egunero. Leire Remiro Erroibarko bizilaguna elkarrizketatu dute Euskalerria Irratian euren egoeraren berri emateko.

2022-ko abuztuak 31

Datorren astean hasiko da Batxilergoko eta Lanbide Hezkuntzako 2022-2023 ikasturtea, eta Pirinioetako ikasleek askatu gabe dute garraio publikoaren inguruko korapiloa. Eskualdean ez dago eskaintzarik, eta hiriburura jo behar dute gehienek ikasketekin jarraitzeko. Zuzendaritza Nagusiarekin bildu ziren familiak, aurreko astean, eskualdean geratzea bermatuko lukeen irtenbide bat bilatzeko. “Zentzurik gabeko” proposamen bat egin zien departamentuak, Leire Remiro Erroibarko bizilagunaren esanetan. Agoitzeko ibilbidea Garraldara luzatzeko aukera jarri dute hezkuntzako ordezkariek mahai gainean. Batez beste, 4,5 orduko garraio ibilbidea, alegia.

Hezkuntza departamentuak eskola garraioari buruzko foru agindu berria egin du aurten. Ekainaren 4an sartu zen indarrean. Araua Pirinioetan aplikatzean sortzen diren arazoak ikusita, familiek proposamen bat egin zioten Hezkuntza departamentuari: bederatzi plazako bi ibilgailurekin zerbitzu berri bat sortzea. Foru aginduak, baina, ez du horretarako aukerarik ematen, eskualdean ez dituztelako gutxieneko ratioak betetzen.

Hezkuntzaren eskaintza egokia ez dela iritzita, bestelako irtenbide baten bila ari dira gurasoak. Horretarako, Proiektu Estrategikoen departamentuaren eta toki erakundeen laguntza dute. Landa eremuaren biziraupenari lotutako arazoa dela ulertzen dute denek, Remiroren arabera.

Gehiago