Egitarau osoa prest Billabonan eginen diren Euskaltzale independentiston Topaketerako
Datorren urriaren 7an eta 8an, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo dituzte Billabonan. Bi egun horietan zehar, euskara eta independentzia ardatz hartuta, Euskararen Errepublikaren eraikuntzan jarriko dute begirada. Egun hauetako egitarau osoa zabaldu du EHEk.
2023-ko urriak 3
Larunbatean, goizeko 10:00etan, Gurea Antzokian, “Euskararen errepublika eraikiz” mahai-inguru nagusia izanen da. Hizlariak, Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre izanen dira. Patxi Gaztelumendi eta Sagrario Aleman euskaltzaleek ere hartuko dute parte.
12:45ean, Ama Lurra plazan, ekitaldi politikoa egingo da. Ondoren, “Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean” azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestaziorako atxikimendu argazkia egingo dute. Kale animazioak 13:30ean eginen den bazkariari emanen dio paso, eta arratsaldean, Kultur Etxean, Subijana Etxean eta Gurea erakusketa gelan 3 tailerrak eginen dira: “Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan” (Iratxe Retolaza -Euskaltzaindiako kidea eta EHUko irakaslea- eta Ibai Redondo – Hezkuntza mugimenduko kidearen eskutik), “Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?” (Agurne Gaubeka – Behatokia- eta Iñigo Urrutia – EHUko irakaslea eta legelariaren eskutik), “Zein toki du euskarak intersekzionalitatean” (Saioa Iraola – Bilgune Feminista, Oier Azkarrraga – EHGAM, Leo Bueriberi – Euskal Herriko emakume migrante eta arrazializatuen sarea, Intza Gurrutxaga – EHEko kideen eskutik), “Gazteok euskararen borrokan” (Olaia Edme – Azterketak Euskaraz, Xalbat Altzugarai – Izpegiko Bestak, Malen Frantsesena- Gazte Euskaltzaleen Sareko kideen eskutik), “Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka” (Iruñe Astiz – eduki sortzailea eta Alex Aginagalde – Pantailak Euskaraz taldeko kidearen eskutik), eta “Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak” (Unai Apaolaza – EHUN, Gorka Roca Torre – HerriBiltza, Nestor Esteban – EHEko kideen eskutik).
Tailerrak amaitzean, kale animazioa eta kontzertuak izanen dira Yogurinha Borovarekin eta Gora etorri taldearekin, eta bukatzeko DJ bat arituko da.
Igandean goizeko 11:00etan gosaria Irrintzi Elkartean. Ondoren mural pintaketa, pilota ikuskizuna eta marianitada izanen da, besteak beste.