Ebaluazio hezitzailearen aldeko hautua egin du LABek

Aurten ebaluazio diagnostikoak zein piloto probaz "mozorrotutako LOMCE errebalidak" ezarri dira ikastetxeetan. Nafarroan administraziopeko zein ikastoletako langile zein ikasleak errebalida hauen aurka azaldu dira, eta LAB sindikatuak ere bere aurkako jarrera azaldu nahi izan du.

2017-ko ekainak 2

“Euskal Herrira begirako bide propioa garatzeko ausardia behar dugu une hauetan, EAEko zein Nafarroako Hezkuntza Sailek erakusten ez dutena. Horrela, LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean ebaluazio eredu propioa osatzeko determinazioa du”, esan du sindikatuak. Atzo errebalida hauek salatzeko ekimen bat egin zuten Iruñean, Nafarroako Diputazioaren aurrean.

“Beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat, non ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familia eta, finean, sistema guztia ere baloratuko den, beti ere hobekuntza, ekitate, aukera berdintasunean oinarrituz eta, garrantzizkoa dena, bide horretan aurrera egiteko plan eta neurri zehatzak eskainiz”, aipatu du sindikatuak.

“Eredu berri horren eraikuntza hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzean oinarrituko da. Izan ere, ebaluazioaren afera, ikuspegi poliedrikotik landu behar baitugu. Bizi dugun ziurgabetasun egoera probestu eta ebaluazioaren izaera, funtzio, helburu eta ereduen inguruko hausnarketa integrala burutu eta tresnak, eta ereduak berriak eraikitzea dagokigu”, gehitu du LABek.

Gehiago