Datorren ikasturtean D ereduan matrikulatzeko aukera izatea lortu da Mendigorrian

Gaur Nafarroako Hezkuntza Departamenduan izandako bileran hala ziurtatu diote azkenaldi honetan Mendigorrian D eredua eskatzen ari diren guraso taldeari.

2021-ko urtarrilak 28

Josu Goñi Mendigorriako gurasoari elkarrizketa Naiz Irratian

2021-2022 ikasturterako euskarazko eskaintza izango du Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoak. Hala jakin dute Mendigorrian D eredua guraso taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gaur Nafarroako Hezkuntza Departamenduko arduradunekin egindako bileran. “Urrats garrantzitsua” dela dio Behatokiak, aurrematrikulazio garaian haurren eskubidea egikaritzeko aukera izango dutelako. “Baina oraindik zalantza eta korapilo asko” daudela ere ohartarazi dute, izan ere Nafarroako Gobernuak irizpideak ezarri gabe jarraitzen duelako. “Horrek eragin zuzena du egoera berean dauden Nafarroako gainontzeko haur, guraso eta ikastetxeei begira”, eta egoera lehenbailehen konpondu dadin eskatu du Behatokiak.

Mendigorrian D eredua aldarrikatzen ari diren guraso taldeari aspalditik babesa eta laguntza eskaini die Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta hainbat mobilizazio eta ekimen egin dituzte azkenaldian herrian D ereduan ikasi ahal izateko. Gaur Nafarroako Hezkuntza Departamenduan izandako bilera horretan esfortzu horren lehenengo fruituak jaso egin dituzte.

Mendigorriko haurrek urteak daramatzatela egunero autobusa hartzen eta Gareseko ikastetxera joaten euskaraz ikasi ahal izateko. Horrek esan nahi du hamabi urtetik beherako eskolaratutako haurren %35-45 herritik kanpo joaten dela D ereduan ikasteko.

Argitu gabeko zalantzak

Gurasoen eta Behatokiaren zalantza guztiak ez dira argitu, ordea. Hala dio Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: “Nafarroan legeak ezarritako eremu misto zein ez euskalduneko hainbat herritara estrapolatu daiteke Mendigorriko kasua. Bada, herri horietako gurasoek ez dakite ongi zein prozedura eta baldintza bete beharko dituzten euren herrietako eskoletan D eredua ireki ahal izateko”. Horregatik, irizpideak eta baldintzak argitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko aukera bermatu dezan; gaztelaniazko murgiltze ereduarekin gertatzen den gisan. “D ereduen irekierak Nafarroako herritar guztien berdintasuna, kohesioa eta eskubideen bermerako pauso sendoa” izan daitezke pentsatzen du Behatokiak.

Gainera, Mendigorriko kasuan, Gaubekak uste du Hezkuntza Maparen aldaketa lehenestea “kezkagarria” dela “aldaketak ezin direlako eskaeren araberakoak izan, eta herritarren eskubideak bermatzeko baino, oztopo bihurtu delako”.  Gaubekaren hitzetan, herriren bateko eskolan D eredua zabaltzeko eskaera dagoen bakoitzean ulergaitza da gurasoek urtebete edo gehiago itxaron behar izatea, eta gogoratu du agintarien betebeharra dela “herritar guztion eskubideak bermatzea, eta horretarako tresnak baliatu behar dituzte; ez kontrara”.

Esaterako, horren adibide da behar bereziak dituzten haur eta gaztetxoen egoera. Askotan ez dira kontuan hartzen ikasle horien hizkuntza hautu eta beharrak, eta eragin zuzena du eurengan zein inguruan. Behatokiak arduradunei eskatu die halako egoerak ere lehenbailehen konpondu ditzala.

Horrekin batera, irizpide faltak sortutako egoera horren aurrean, Behatokiak ekarpenak egin dizkio Nafarroako ikastetxe publiko eta itunpekoetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen Foru Dekretuaren proiektuari (LOMLOErekin garatzen dena). Helburua da euskara ikasteko mugak eta oztopoak gainditzea, edozein familia edo haurrek, egoera zein beharrak edozein izanik ere, euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten.

Izan ere, alde batetik, Hezkuntza Maparen hizkuntza ereduak ez luke ikasketak egin nahi diren ikastetxea libreki aukeratzeko eskubidea baldintzatu behar. Bestetik, eta horri lotuta, Foru Dekretuaren proiektuak dio eskaerak telematikoki eta dagokien eredu ofizialean bete behar direla. Ondorioz, D eredua zabaltzeko eskari berriek ez lukete lekurik izango, eta ez lirateke behar bezala jasoko. D eredua nahi duten gurasoek hori adierazi ezinean geratuko dira, beraz; Mendigorriako gurasoei gertatu gisan. Oztopo horiek gainditu behar dira, Behatokiaren ustez; hizkuntza eskubideak bermatuko dituen eskaintza egin behar da.

Elkartasunaren emaitza

Nafarroan euskaraz ikasteko dauden oztopoen ikur bihurtu da Mendigorria. Gurasoen ekina eredugarria eta txalogarria da, aktibazioaren eta lanaren ondorioz lortu delako urrats berri hau.

Bada garaia, ordea, Nafarroako Gobernuak eta erakundeek herritarren eskubideak bermatu ditzaten, beharrezko tresna eta baliabideekin. Urte hauetan guztietan Mendigorriko familiek jasan duten egoera onargaitza baita.

Azkenik, Behatokiak eta Mendigorriko gurasoek oroitarazi nahi dute lorpen hau ezinezkoa litzatekeela hainbat herritarren elkartasunik gabe: Unai Iturriotz abokatuaren, Mendigorriko Udalaren eta herriaren, eta Euskal Herri osoko hainbat txokotatik iritsitako laguntzaren eta borroka luzearen emaitza da.

Gehiago