Covid krisialdiak agerian utzi duen lidergo falta salatu du LAB sindikatuak
LAB sindikatutik Covid aldian egin duten segimenduaren ondorioz, hainbat jarduketa oker atera direla salatu nahi dute. Esate baterako, produktibitatearen kontrolik gabeko ordainketa, Covid errefortzu gisa kontratatutako langileek jasan dituzten abusu ugariak, edo Oinarrizko Osasun Laguntzak jasan duen utzikeria (arlo horretan izan den kontratazio eskasa horren isla da). Mahai Sektoriala deitzea eskatu dute.
2020-ko irailak 2
Covid krisian zehar, monitorizatu egin ditugu bai profesionalen kontratazioa, bai ordaindu diren produktibitate sariak, hala langile finkoei, nola pandemiaren ondoriozko beharrei aurre egiteko kontratatu diren behin-behineko langileei, eta bi arlo horietan alde handiak aurkitu ditugu, bidegabeak erabat.
Egiaztatu dugu toki gehienetan premia handiak izan direla, batez ere Covid solairuetan –langile gutxi zeudenez, plantillak bere burua kudeatu behar izan du –. Beste zerbitzu batzuetan, berriz, lan-kargarik gabeko profesionalak etxera bidali dira edo baimenak eman dira modu erabat arbitrarioan. Era berean, langile finkoen eta behin-behineko langileen arteko bidegabekeria handiak ikusi ditugu; adibidez, kontratatutako langileak behartzea hainbat ordu lan egitera kontratutik kanpo eta kobratu gabe. Langileek LABen bidez egindako salaketari esker, horrelako hainbat praktika geldiaraztea lortu dugu.
Aurkeztutako salaketa horiek, halaber, balio izan digute egiaztatzeko, kontratazioari dagokionez, antolaketa-krisi baten aurrean gaudela; ez hainbeste kontratazioen kopuruari eta aurrekontuari dagokienez, baizik eta kontratazio horien banaketari eta kontrolari dagokionez. Osasunbideko Profesionalen Zuzendaritzak ezin du kontratazioaren iturria ireki aurretik arrazionalizazio-estrategia bat ezarri gabe. Ospitalizazioan, esate baterako, 500 kontratazio baino gehiago egin dira, eta oinarrizko osasun laguntzan 30 baino ez. Horrek erakusten digu kontseilariak ez duela batere interesik oinarrizko osasun laguntza indartzeko, nahiz eta osasun arretaren oinarrizko zutabea eta Covid-ari eusteko lehenengo horma izan.
Kudeaketa-politika horrek berekin ekarri du oinarrizko osasun laguntzako langile gehienen lan-baldintzak nabarmen okertzea; izan ere, arretari dagokionez irizpide eraginkorrik ez izatearen ondorioak jasan behar izan ditu, eta horrek lankideen artean lan-arazoak sortzea ere ekarri du. Herritarrekin komunikaziorik ez izateak, halaber, eragin du herritarrek utzikeria sumatzea oinarrizko osasun laguntzako profesionalek egiten duten lanean. Horren gaineko hainbat kexa jaso ditugu langileen aldetik, batez ere administrarien aldetik; izan ere, administrariak jarri dituzte aurpegia ematen asistentzia-murrizketa planifikatu horrek eragin dituen asistentzia-gabezia ugariei erantzuteko; murrizketa planifikatua, bai, Departamentuak murrizketen bidea aukeratu baitu telelaguntza ezartzean eta zenbait zentro ixtean.
Jarraipena egitean, ikusi dugu, orobat, produktibitate sarien banaketa guztiz neurrigabekoa izan dela: Covid alarma-aldian, 2 milioi euro baino gehiago banatu dira, eta, gaur egun, gainera, gastu horrek kontrolik gabe hazten jarraitzen du. LABen ustez, bai pandemia bera, bai pandemian zehar artatu gabe gelditu diren gainerako patologiak kontrolatzeko, kontratazioa modu gardenean eta eraginkorrean antolatu behar zen.
Diru-xahutze horren beste adibide garbi bat Covid arakatzaileena da; izan ere, kontratazioaren bidetik jo eta zerbitzu egonkor eta antolatu bat sortu beharrean, erabaki dute beren lanaldiaren gainetik lan egiten duten langile batzuei produktibitate sariak ematea lan horiek egiteko. Horrek, gainera, arakatzaileen kopurua guztiz eskasa izatea eragin du.
Ezer-gutxirako balio du milaka PCR egiteak edo proba gehien egiten duen erkidegoetako bat izateak ez badago behar adina arakatzaile. Eta hori funtsezko faktorea izaten ari da Nafarroan Covid kasuen igoera onartezina izateko.
LAB sindikatuak ez du onartzen esatea ez dagoela langilerik; ez, behintzat, lan-kargarik gabeko langileak ditugun bitartean. Ez dugu onartzen langileen lan-eskubideak urratzea, krisialdi honetan gertatu den bezala, batez ere kontratatutako langileekin. Ez dugu onartzen produktibitate-sariak banatzea argi eta garbi jakin gabe zeri zor zaion ordainketa hori eta zer jarduera egin den produktibitatea kobratzeko. Eta ez dugu onartzen Osasuneko Mahai Sektoriala deitu ez izana gai horiek guztiak eta tintontzian geratzen diren beste asko aztertzeko.
LABen iritziz, inoiz ikusi ez den lidergo-krisi baten aurrean gaude, eta horren isla da burutza askoren dimisioak. Ezin dugu onartu, Covid-aren beste agerraldi baten erdi-erdian murgilduta gauden honetan, herritarren arreta berriz ere umezurtz uztea. Horregatik, kontseilariari eskatzen diogu behar diren neurriak har ditzala ahalik eta lasterren.