Cirmautoren langileek mugagabeko grebari eusten diote “justifikaziorik gabeko itxieraren aurka eta enpleguen defentsan”

Gaur ELA sindikatuaren eskutik emandako prentsaurrekoan EEEren deuseztasuna eskatu dute lanera itzuli ahal izateko, eta "enpresak inposaturiko legez kanpoko ugazaben itxiera" salatu dute Lan Ikuskaritzan. 28 langileen lanpostuak daude jokoan.

2021-ko azaroak 10

Citroeneko Cirmauto (Cordovilla) kontzesionarioko langileek duela astebete hasitako greba mugagabearekin jarraitzen dute, enpresak iragarri duen itxieraren mehatxupean dauden 28 lanpostuen defentsan. Enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia atzo amaitu zen, akordiorik gabe, eta enpresak ez ditu egiaztatu behin betiko itxiera horretarako alegatzen dituen arrazoi ekonomikoak.

Gaur ELAren eskutik eman duten prentsaurrekoan, Cirmautoko zuzendaritzak nahitaezko dokumentazio guztia ez duela aurkeztu jakitera eman dute. “Ez du inolako prestasunik azaldu kausak justifikatzeko, ezta enpleguari eustea ahalbidetuko duten neurri ez hain traumatikoak hartzeko ere”, salatu dute langileek.

Enpresako zuzendaritzak azken erabakia helarazi ez badu ere, kaleratzeak azaroaren amaieran egiteko asmoa iragarri du. Bitartean, langileak greba mugagabean daude azaroaren 4tik. Nolanahi ere, ELAk bide judizialari ekingo dio enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzat jotzeko, kontuan hartuta alegatutako arrazoi ekonomikoak ez direla egiaztatu eta enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik izan.

Greba eskubidea oztopatzen ari da enpresa

Bestalde, ELAren esanetan, greba-eskubidea urratzeko asmo bakarrarekin, enpresak azaroaren 6an ugazaben itxiera planteatu zuen, sindikatuak dagoeneko Lan Ikuskaritzaren esku utzi duena. Sindikatuaren ustez, patronalaren itxiera legez kanpokoa da, oinarrizko eskubideak urratzen ditu eta hasitako greba zapuztea du helburu bakarra.

ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio “erabat bideragarria den enpresa batean enplegua suntsitzea eragozteko”. Bere ustetan, enpresa ixtea “espekulazio-interesen ondorio baino ez da”. Esan duenaren arabera, soldata-kostuak urteko kontuen % 16 baino ez dira, haien diru-sarrerak % 6 handitu dira 2016-2019 aldian, eta inoiz ez da egon hartzekodunen konkurtsoan deklaratzeko arriskuan.

Gehiago