Burlatan etxegabetze baten arriskuaz ohartarazi du Etxebizitza Sindikatuak
2025-ko urtarrilak 22
Guraso bakarreko familia bat etxegabetu lezakete Burlatan datorren astean. Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatuak bere sare sozialetan iragarri du 5 seme-alaba dituen ama hau zein egoeratan dagoen. Seme-alabetatik 3 adin txikikoak dira eta haren ardurapean daude. Datorren asteko ostegunean, urtarrilaren 30ean, finkatua dute etxetik kaleratzeko data. “Kasu bereziki odoltsua da hau”, adierazi dute sindikatuko kideek.
Emakumea eta orduan bere senarra zena 2013an sartu ziren etxean bizitzera. Emakumea indarkeria matxistaren biktima izan zen hainbat urtez; hori dela eta, senarra espetxean sartu zuten eta urruntze agindua ezarri zioten. Gaur egun, emakume hau genero indarkeriaren biktimak babesteko programa batean dago. Pisu horretan bizitzen eta alokairua ordaintzen ia hamabi urte daramatzan arren, etxejabeak -erasotzailearen senidea dena- bota egin nahi du, antza denez “pisua saltzeko”.
Etxegabetzeen moratoriaren babesetik kanpo
Gaur egun, etxegabetzeen moratoria bat dago indarrean 2025eko abenduaren 31ra arte espainiar Estatuan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik nabarmendu dutenez, “teorian, pertsona zaurgarrien etxegabetzeak bertan behera utzi behar zituen, baina ikerketa batzuek erakutsi dute bide judizialetatik egindako etxegabetzeen % 70-75 inguruk gauzatzen jarraitu dutela”.
Burlatako etxegabetzean ez da moratoria aplikatzen, senar ohia jada ez denez hor bizi emakumea ez delako pisuko maizter gisa aitortzen. Sindikatuaren hitzetan, “aldeen artean zeukaten alokairu harreman informalaz baliatu da etxejabea; hau da, alokairu konbentzional batek berekin dakartzan froga idatzi horiek guztiak ez dauden egoera honetan, epaileak arrazoia eman dio errentatzaileari emakume hau legezko maiztertzat ez hartzeko erabakian, nahiz eta berak urte luzez ordaindu hileroko errenta, edozein alokairutan gertatzen den bezala”. Hots, “ez dute onartzen errentatzaile-maizter harremana dagoenik, nahiz eta kasu honetan erabat agerikoa izan”.
Maizter gisa izan beharko lituzkeen eskubideak ukatzen zaizkionez, aplikatzen zaion etxegabetze prozedura “prekario” gisa ezagutzen dena da; okupazio kasuak eta ohiko alokairuez bestelako egoerak biltzen dituen kontzeptua, alegia.
Horrelako egoeretarako, moratoriak baldintza askoz zorrotzagoak eskatzen ditu. Etxebizitza sindikatuaren iritziz, “baldintza horiek eta epaileek moratoria aplikatu ala ez erabakitzeko duten diskrezionalitateak kasu asko kanpoan uzten dituzte”. Emakume honen kasuari dagokionez, etxejabeak “edukitzaile handiak” -jabetzan 10 etxebizitza baino gehiago- direla frogatu ezin denez, ez da moratoria aplikatzen eta, beraz, ez da atzeratu etxegabetzearen data: urtarrilaren 30a.
Alternatiba falta eta genero indarkeriaren ondorioak
Emakumea, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak lagunduta, gizarte zerbitzuetara askotan joan bada ere, ez zaio etxebizitza alternatibarik eskaini. Etxetik kaleratzeko astebete falta denean, berak eta bere seme-alabek bizi duten ziurgabetasun egoera erabatekoa dela salatu dute.
Sindikatuko kideek diotenez, “errealitate honek agerian uzten du indarkeria matxista ez dela une jakin batean tratu txarrak jasatera mugatzen, baizik eta indarkeria hori pairatzen duten emakumeen bizitzan maila guztietan ondorio iraunkorrak dituela”.
Ildo beretik, erakundeen babes programei kritika egin diete. Haien atzean “borondate ona” egon daitekeela onartu arren eta emakume askoren “segurtasun sentsazioa areagotzen” laguntzen badute ere, “oso mugatuak dira eta ez dute balio genero indarkeria jasaten duten emakumeen errealitateari benetako irtenbide bat emateko”.
Antolakundearen esanetan, “estatu kapitalistaren instituzioek, azken finean, etengabe desberdintasun sozialak sortzen dituen sistema honen zerbitzura jarduten dute, eta beraz, egiturazko arazoen konponbidea ez da haien eskutik etorriko, zenbait egoera partikular arindu baditzakete ere”.
Etxegabetzea gelditzeko deia
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzea geldiarazten saiatzeko deialdiaren berri eman du: datorren urtarrilaren 30ean izango da.