Burlatako Udalak euskararen aldeko neurriak murriztuko dituen ordenantza berria onartu du
Indarrean zegoen Euskararen Ordenantza aldatu du hizkuntza honen presentzia ahultzeko. Euskararen Defentsarako Sareak aldaketa hauek Navarra Sumak eta PSNk elkarlanean hauteskundeak baino lehenago egin izana salatu du.
2023-ko apirilak 3
Burlatako Udalak Euskararen Ordenantza aldatu du Navarra Sumak eta PSN-PSOEk gehiengo osoarekin akordio bat erdietsi eta gero. Hemendik aurrera, euskaraz jakitea nahitaezkoa ez duten lanpostuetan euskara ez da ezta meritu gisa puntuatuko. Bestetik, euskara bultzatzeko ezarritako neurri batzuk desagertu dira: D eredua bultzatzea, haur eskolan euskarazko lerroaren onurak zabaltzea, euskararen sustapenerako herriko entitateekin hitzarmenak egitea, diru sarrerarik ez duten herritarrei euskara ikasteko doakotasuna bermatzea, udalarekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura, beste erakundeetan hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenak, udal ludotekan gaztelaniako lerrokoak euskarara hurbiltzeko ekimen dibertigarriak egitea, herritar euskaldunen fitxategia…
Udal langileak
Plantilla Organikoan ere aldaketaren ondorioak nabarituko dira. Orain arte Plantilla Organikoaren lanpostu guztiak hiru kategorietan banatuak daude, euskaraz jakiteko derrigortasuna dutenak, euskara % 10 meritu moduan dutenak eta euskara % 5 meritu moduan dutenak. Hemendik aurrera lanpostu askotan euskara meritu moduan desagertuko da, aldaketa horiek hauteskundeak baino lehen egitea lortuko duten argi ez badago ere.