Burlatako udal plantilla organikoan euskararen presentzia murrizteko ordenantza ezarri nahi dute NSk eta PSNk
Bulatako Navarra Sumak eta PSNk zenbait aldaketa egin nahi dituzte Euskararen Ordenantzan euskaraz jakitea meritu moduan baloratzeko beharra kentzeko. Horrek bide emanen dio Plantilla Organikoa aldatzeari, eta ondorioz, euskararen presentzia murrizteko udal langileen artean.
2022-ko azaroak 25
Burlatako Udaletxearen aurrean euskaltzaleak Burlatako Udalaren asmoaren aurka agertu arren, hasierako onespena eman dio Udalak Euskararen Ordenantza aldatzeari. Navarra Suma eta PSOEren botoak erabakigarriak izan dira, Ahal Duguk abstentziora jo du eta EH Bilduk eta Geroa Bai-k aurka egin dute.
“Zenbait aldaketa onesteko bidean daude; garrantzisuena euskaraz jakitea meritu moduan baloratzeko beharra kentzea da. Horrek bide emanen dio Plantilla Organikoa aldatzeari. Zenbait lanpostutan euskara baloratuko ez dela aurreikus daiteke. Auskalo noraino eramanen duen Burlatako Udalak Plantilla Organikoaren berregituraketa!”, kexu agertu dira Udalaren aurrean bildutako euskaltzaleak.
Orain arte horrela sailkatuta daude lanpostuak: Euskaraz jakiteko beharra duten lanpostuak, euskara meritu moduan %10eko balorazioa dutenak eta euskara meritu moduan %5eko balorazioa dutenak.
Euskararen Defentsarako Sareak deitu du elkarretaratzea, eta aurrerantzean euskararen defentsan segituko duela lanean adierazi du.