Burlatako familiek haur eskoletako grebaren aldarrikapenekin bat egin dute eta inplikazioa eskatu diote Udalari
Burlatako Bizkarmendia haur eskolako familiek herriko Udalari euren ondoezaren berri emateko eta euren aldarrikapenak adierazteko manifestazioa egin dute gaur goizean.
2022-ko maiatzak 11
Haur eskoletako hezitzaileek aurrera daramaten greba babesteaz gain, egoera ahalik eta lasterren konpontzea eskatu dute. “Oso larria izaten hasi da, bai ikasgelara joaten ez diren txikientzat, bai joaten ari direnentzat, ez baitaude beren ohiko hezitzaileekin eta ez dituzte eguneroko errutinarik. Kontrol eza erabatekoa da”, adierazi dute.
“Familia askok ez dugu arriskatu nahi 23 adin txikikoentzako hezitzaile bakarra dagoela jakinda eskolara eramatea. Udalak ezarritako gutxieneko zerbitzuak oso arriskutsuak iruditzen zaizkigu”, aipatu dute.
Batzuek, euren seme-alabak utzi behar dituzte aitona-amonekin, edota senide eta lagunen laguntzarekin ari dira moldatzen egun hauetan, baina “nekatzen hasi dira, eta ez diegu adingabeen zaintzaz arduratu nahi”. Gogoratu dute lehen haurtzaroa zaintzea “etorkizuneko herritarrei oinarri sendoa jartzea” dela, eta Udalari eskatu diote “ahal den neurrian aktiboki parte hartu” dezala Nafarroako Gobernuarekin 0-3 plataformaren negoziazioetan. “Honek ratioen jaitsiera eta finanziazio moduluen igoera eskatzen du lan baldintzak hobetzeko asmoz eta horrela familien, ikasleen, hezitzaileen eta udalaren arazo larri honi bukaera jarri”.