Buitraker talde nafarra oholtzara igoko da berriz ere, Hatortxu Rocki agur esateko
2025-ko otsailak 4

26 urte eta 30 edizio eta gero agur esanen du uztailean Hatortxu Rock jaialdiak. Eta merezi duen agurra emango diotela gogorarazi du antolakuntzak iragarpen honekin: Buitraker talde mitikoa berriz bildu eta kontzertu bat eskeini du Lakuntzan.
Buitrakerren bueltarekin batera, beste hainbat talde ezagunak eta dagoeneko jotzen ez dutenak bilduko dira HTXri amaiera emateko. Gaur, zerrenda horretako beste bi talde iragarriko dituzte: Autobus Magikoa eta Never Surrender taldeak. Baina zalantzarik gabe, nafar askoen gaupasak musikaz bete duen Buitraker talde honen itzulerak poztuko du gehien jende asko.
Buitraker Iruñeko euskal musika taldea izan zen, 1992an sortua, eta nafar hiriburuko underground eszenan ahoz-aho haziz joan zena 1998an ‘Lurrun makina’ diskoa kaleratu arte. Rock eta metal musika jorratu zuten, baina soinu elektronikoek eman zieten nortasuna. 2006ko azaroaren 7an igo ziren eszenatoki batera azkenekoz eta orain Hatortxuri «agur» esateko elkartu dira, ia bi hamarkada beranduago.
Gaur iragarriko dituzten hiru taldeekin urtarrilaren hasieran aurreratutako beste hamarrei batu zaizkie: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri. Eta datozen asteetan askoz gehiago batuko dira. Eta gaurkoan iragarritako itzulerak ez dira azkenekoak izanen, antolatzaileek aurreratu duten bezala.
Sarrerak salgai on line
Lau eguneko jaialdiaren sarrerak salgai daude www.hatortxurock.eus webgunean 105 euroko prezioan.