Bost gaztek jazarpen poliziala salatu dute Gasteizen, horietako bat iruindarra
Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren polizien jarraipenak, mehatxuak eta kolaborazio eskaintzak salatu dituzte.
2015-ko abenduak 10
Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak azken hilabeteotan jazarri dietela salatu dute herri mugimenduetan aritzen diren bost gaztek. Eleak mugimenduak eta beste eragile ugarik babestuta —besteak beste, Ikasle Abertzaleak, Ernai, Bilgune Feminista, ELA, LAB, ESK, Euskal Herriko Kristau Komunitate Herrikoiak, Askapena, Salhaketa eta Gasteizko gaztetxea izan dira—, agerraldia egin dute Arabako bost lagunek, eta poliziaren jazarpenaren berri eman dute. Eleak plataformaren arabera, gaur egun gizarte mugimenduetako kide direnek Euskal Herrian pairatzen duten «presioaren» adibide dira gazteen lekukotzak. Gainera, nabarmendu dute, gazte horienaz gain, kasu gehiago badirela.
Salatutako kasuak askotarikoak dira: besteak beste, baimenik gabe argazkiak ateratzea eta segurtasun indarrekin kolaboratzearen truke soldata bat eskaintzea. Baina badute ezaugarri komun bat: guztiei galdetu zieten gazte mugimenduen inguruan, eta haietako biri, zehazki, martxoaren 3ko gertakariei buruz. «Oraingoan, Arabako gazteria antolatuaren aurka zuzendutako legez kanpoko polizia errepresioan jarri nahi dugu begirada», adierazi du jazarpenak salatu dituen gazteetako batek.
Beste batek azaldu du isun administratibo baten ondorioz Ertzaintzara jo zuenean hasi zirela «presioak», orduan galdezka hasi zitzaizkiolako Ikasle Abertzaleen, unibertsitatearen eta bere militantzia politikoaren gainean. Beste bi gaztek salatu dute haiekin harremanetan jarri zirela ertzainak, hainbat arrazoi direla medio, eta Ernairen edota herri mugimenduaren gainean itaundu zituztela. Kasu gehienetan jazartzaileek euren buruak identifikatzeari uko egin zietela ere salatu dute gazteek.
Eleak mugimenduak gazteekin elkartasuna adierazi, eta antzeko egoeran daudenei dei egin diete euren salaketaren berri emateko hurrengo helbide elektronikoan: mugimenduasortzen@gmail.com. «Guztien eskubide zibil eta politikoak defenditzen» jarraituko duela azpimarratu du mugimenduak: «Baita disidentziarako eskubidea ere. Eskubide hauek praktikan jartzeagatik jazarriak diren pertsonak defendatzen jarraituko dugu».