Biomendi: Mendigorriako txerri etxaldea 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatzen dituena

Elikadura burujabetzan eta lurraldearen defentsan, Nafarroako makroetxaldeen aurkako plataformak elkarretaratzea egin berri du Mendigorriako Biomendi txerri etxaldean. Bertan ere biometanizazio gune bat dago. Instalakuntza honetan 2022an 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatu ziren, nahiz eta soilik 33.000 tonarentzako baimena izan. Gainera, bere momentuan 16.000 tona tratatzeko diseinatua izan zen, Plataforma gogoratu duenez.

2023-ko abenduak 22

“Honek erakusten du nola minda tratatzeko pentsatua izan den instalakuntza bat bihurtu den hondakin industrialak tratatzeko fabrika, hauetako asko beste erkidego autonomikoetatik ekarritakoak”, salatu du Plataformak. “Instalakuntza hauetatik ateratzen diren digestatoak gero inguruko labore-lurretan ixurtzen dira, azaleko eta lurpeko uretan kutsadura arazo larriak eraginez, lurrari eta biodibertsitateari sortzen zaizkienak gehituz, e.a.”, azpimarratu dute.

Nafarroako makroetxaldeen aurkako plataformak nekarazitza eta abeltzaintza eredu hau eraldatzea eskatzen du. “Bertako herritarren elikagai beharrak asetzera bideratutako eredua izan beharrean,  merkatu globalerako merkantziak ekoiztera zuzendua dagoelako”, euren iritziz.

850.000 txerri Nafarroan

Gaur egun, Nafarroan 850.000 txerri daude etxaldeetan. “Pertsona baino gehiago”, gogoratzen du Plataformak, eta gehienak esportaziorako zuzenduak daude. “Eta Europako esne-behien makrogranja handiena Kaparroson dago, 7000 buru baino gehiagorekin. Eredu honek etxalde txikiak itotzen ditu eta bizitzarako eta elikadurarako ezinbestekoak diren baliabide naturalak kutsatzen ditu”, salatu du Plataformak, gogoratu duela beste eredu bat “posiblea eta beharrezkoa” dela: “Abeltzaintza eredu estentsibo, agroekologiko eta Km 0”.

Gehiago