Alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Iruñean “bizitza duinak lortzeko”
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak deitutako mobilizazioak 60 eragile sozial baino gehiagoren atxikimendua jaso du
2024-ko maiatzak 11
Ehunaka lagun kalera atera dira gaur Iruñean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren, Emakumeen Mundu Martxaren eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistaren deialdiari jarraituz. Mobilizazioan Rafah, Gaza eta Palestina aipatu dira, genozidioa behingoz geldi dadin.
Manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuak alternatiba ekosozial justuaren terminoak jasotzen ditu: “Egungo egoerak krisi ekologiko gero eta sakonago eta prekaritate handiagora garamatza. Larrialdi klimatikoa agerikoa da, prekaritatea zabaldu egiten da lan- eta bizi-baldintzetan, prezioak igo egiten dira eta elikadura osasungarria bezalako eskubideak urratu egiten dira. Gainera, zerbitzu publikoak desegiten ari dira. Zaintzak funtsezkoak dira, baina gaur egun zaintzarako eskubide kolektiboa ez dago bermatuta. Matxismoa eta arrazakeria gero eta handiagoak dira. Gerrak eta autoritarismoa areagotu egiten dira. Errealitate horren beste alde bat putre-funtsak, supermerkatu handiak eta gero eta etekin handiagoak metatzen dituzten banku-erakundeak dira. Egungo gobernuek bultzatutako politika publikoak ez dira nahikoa norabide hori aldatzeko”.
Iruñean egindako manifestazioan (Bilbon ere izan da beste bat) 7 ardatzak jasotzen dituen manifestua irakurri dute. “Denontzako planeta bizigarri bat behar da, eta, horretarako, larrialdi klimatikoari eta krisi ekologikoari aurre egin behar zaie”, azpimarratu dute. Neurri berean bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat eskatu dute, eta ez “gutxi batzuen negozio eta etekinak erdigunean jartzen dituen eredu ekonomiko eta soziala”. Lan banaketa, zaintza lanak kontutan hartuko dituena, edota aberastasunaren banaketa justua aldarrikatu dute ere manifestariek. Ildo honetan ere, zerbitzu publikoen defentsa, pentsio minimoak igotzea edota burujabetza aipatu dituzte.
Gure gizartean okerrago dauden horietaz ere gogoratu dira. “Eskubide guztiak pertsona guztientzat, guztiok baitugu bizimodu duina izateko eskubidea”, eskatu dute, eta bide batez Atzerritartasun Legea bertan behera uztea eskatu dute.
Palestinako aipamenarekin batera, gastu militarra eta arma industriaren finanziazioa etetea eskatu dute.