Bihartik aurrera eta azaroaren 9 bitarte, Errigoraren saskiak eskatzeko aukera izanen da

Euskararen aldeko ekimenak 10 urte bete du, eta aurtengoan ere parte hartzeko deia luzatu dute, gogoratuz saskiekin lortzen den diruaren %25 euskalgintzari bideratuko zaiola.

2023-ko urriak 19

Errigoraren komunitateko 10 lagunek egin dute udazkeneko kanpaina bereziari hasiera emateko deialdia. “10 urte bete-bete” lelopean dator urteroko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 10. edizio berezi hau. Saski eskariak azaroaren 9 arte bilduko dituzte.

Ikastolen Elkartea, AEK, Sortzen eta Agerraldia ekimeneko ordezkari bana, 2 ekoizle (Aristu eta Biosasun), Errigoraren kanpainetako 2 boluntario, Errigoraren presidentea eta kanpainetako saski eskatzaile batek 10eko argazkia osatuta, Hernaniko Oronaren egoitzan prentsaurrekoa izan da gaur. Udazkeneroko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, kanpaina bereziaren nondik norakoak azaldu eta saski eskaera egiteko deia Euskal Herri osora zabaltzeko.

Ibon Ollo, Aristu upategiko ekoizleak nabarmendu du Nafarroako hegoaldeko Gure produktuekin osatzen direla kanpainatako saskiak, eta produktu hauek Errigora Balioak zigilua daramatela. Zigilu honek bermatzen du bertako lehengaiez ekoiztuak direla, nekazariekiko harreman bidezkoaz jasoak, ekoiztetxeek euskara planak martxan jarri dituztela eta modu batez edo bestez auzolanetan aritu direla.

“10 urtetan ekoizleen familia nola ugaldu den bizi izan dugu, ugaldu eta heldu. 5 ekoizlerekin hasi eta 23 ekoizletako taldea osatzeaz gain, taldean konpromiso konpartituak hartu eta Errigora Balioak baratzeratzeko pausuak eman ditugu”, azpimarratu du Ollok..

Ibai Sueskun Agerraldia-ko kideak gogoratu du 10. kanpaina honetan ere banatuko diren saskien %25 euskara Nafarroako Ager zonaldean sustatzeko bideratuko dela. “Atzera begiratuta, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari egindako ezinbesteko ekarpena ikus dezakegu. Ikastolen eta AEKren biziraupena bermatzeko eta hezkuntza-sare publikoan D ereduari ateak zabaltzeko 1.800.000 eurorekin bete dugu zonaldeko euskalgintzaren diru-kutxa mengela. Eta, horrez gain, zonaldeko ekimen euskaltzaleen dispertsioak, zulo beltz batek bezala, ahalegin guztiak irentsi ez ditzan, Agerreko euskaltzaleen indarrak batu eta bideratuko dituen tresna erditu dugu: Agerraldia.”

Mila Kintana ohiko saski eskatzailea da, eta bere hitzetan “urteroko ohitura da hainbatentzat” saskiak erostea. “Nik aurten berriro eskatuko dut deia eta nahiko nuke inoiz eskatu duten guztiek berriro eskatzea”.

Natxi Aranburuk, Errigoraren presidentea, nabarmendu du guztiak komunitate bat osatzen dutela, eta lorpen bakoitza denen lorpena dela. “Bete-beteak izan dira 10 urtetan bildutako lorpenak eta osatutako komunitatea. Bete-bete sentiarazten gaitu Errigorak, parte garen izateak. Komunitatea betetzen duten balioak direlako”. Zentzu horretan, adierazi du Errigoraren bidez “pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea” lortzen dela, “hitzetan baino, egiten dugunean aurkitzea sinesgarritasuna” ematen dela, eta Errigorak frogatzen duela “txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna” badela auzolanaren bidez.

Gehiago